Bolatokiko Parkea 1
Bolatokiko Parkea 2
  • Elgoibarko Udalak, detaile gutxi batzuen faltan, Bolatokiko Parkea eraberritzeko lanak amaitutzat ematen ditu.
  • Udalak 160.000 euro baino gehiago bideratu ditu 2018ko aurrekontu parte hartzaileetako prozesuan herritarrek partetik boto gehien jaso zuen proiektu hau gauzatzeko.
Bolatokiko Parkea 3
Bolatokiko Parkea 4

Elgoibarko Udalak atzo zabaldu zuen Bolatokiko Parkea. Obra bukatzeko detaile gutxi batzuen faltan, zabalik da jada parkea eta pasabidea.

Udalak guztira 161.072 euroko inbertsioa egin du proiektu hau gauzatzeko. Bolatokiko Parkearen eraberritzea, 2018ko aurrekontu parte hartzaileetako prozesuan herrritarrek gehien bozkatu zuten proposamena izan zen. Ane Beitia alkatearen esanetan, “parkearen berrurbanizazioak, inguru guztia indarberritzen lagunduko digu eta harmaila berriari esker ekitaldi publiko desberdinak jaso ahal izango ditugu”. Era berean, alkateak gogorarazi nahi izan du oraindik bukatzeke dauden detaile batzuk falta direla obra guztiz amaitutzat emateko. “Jarleku batzuk ipini behar ditugu, baita zenbait baranda ere. Guztiak hurrengo egunetan zehar instalatzea aurreikusten dugu” adierazi du Beitiak.

Burutu diren obrei dagokionez, erdiko aldean zeuden eskailerak kendu dira eta lokalaren inguruak plaza bezala irabazi du, oinezkoentzat plaza itxi bat bihurtuz. Espazioak harmaila berriak izango ditu, ikuskizun publikoak bultzatu eta plaza biziberritzen laguntzeko.

Aipatu beharra dago ere, azken urteotan segurtasun arrazoiengatik itxita egon diren komunak zabaldu egingo direla, beste edozein komun publiko bezala erabiltzeko. Gauez itxita egongo dira.

Parke honi, azken urteetan, erabilera desberdinak eman zaizkio. Horien artean, Agate Deuna dela eta, herriko taldeentzat abesteko gune izan da eta larunbat honetan, berriro bertaratzeko aukera izango dute.