Ikastolako ikasleak
Institutuko ikasleak
  • DBH 3. mailako 120 ikasle ingururen partaidetza duen ekimen honen helburuak, gazteen arteko hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera informala bultzatzea dira.

Ikasturte honetan “EusLiderrak” izeneko programa jarri da abian Elgoibarren, Ikastolako eta Institutuko DBH 3. mailako 120 ikasle ingururen partaidetzarekin.

Programa hau Elgoibarko Udalaren, Elgoibar Ikastolaren, Arreiturre Institutuaren eta Ahize-AEK aholkularitzaren arteko elkarlanari esker dago abian, bereziki, gazteen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabilera informala bultzatzeko helburuarekin. Eta programa hau bideratzeko eta metodologia lantzeko, berriz, Ahize-AEK aholkularitza etxeak EHUko gizarte psikologia sailaren laguntza izan du.

Metodologia horren bidez, hizkuntza ohitura berriak sortzeko lanketa egiten ari dira gazteekin. Izan ere, eraginkorragoa da hizkuntza ohitura berriak eraikitzea, hizkuntza portaerak aldatzea baino. Horretarako, euskararekiko eta beste hizkuntza batzuekiko jarrerak lantzen dituzte, gaztetxoei ohituren eraldaketa sustatzeko tresnak ematen zaizkie, eta hizkuntza-lidergoa sustatzen laguntzen diete.

EusLiderrak izeneko proiektu hau ziklikoa da, eta bertan, DBH 3. mailako ikasleekin ari dira orain lanean. Ikastetxeetan proiektuari buruzko aurkezpena egin ostean, motibazioa lantzeko 3 saio egin dira DBH 3. mailako ikasleekin. Behin saio horiek bukatuta, proiektuak aurrera jarraituko du proiektuarekiko berariazko atxikimendua adierazi duten ikasleekin bakarrik, alegia, borondatez; aurrera egin nahi dutela aditzera eman duten ikasleekin. Hala, ikasle horiekin Ekintza soziala izeneko beste fase bati ekingo zaio; eta fase berri hori bukatzean, ikasle horiek hizkuntza liderrak bihurtuko dira, hau da, eusliderrak. Hori erakusteko, bada, ikastetxean bertan nahiz kalean egingo den ekitaldiren bat antolatuko dute.

Motibazioa lantzeko hiru saioak bukatu ostean, beraz, 30 ikaslek (partaideen %25) adierazi dute proiektuarekin jarraitzeko asmoa dutela. Ondorioz, ikasle horiek ekintza soziala antolatzeko ardura hartu dute.

Horretaz gain, ikasle horiek, datorren ikasturtean, hau da, DBH 4. mailara iristen direnean DBH 3. mailako ikasleen euslider izateko aukera izango dute, Ahize-AEK aholkularitza etxearen eskutik jasoko duten prestakuntzari esker. Eta gainera, hauxe da proiektu honen berezitasunetako eta alderdi positiboetako bat: datorren ikasturtean ere gauza bera errepika daitekeela; ohitura aldaketa gertatuko bada, berdinen artean gertatuko delako. Era berean, urtebete nagusiagoak izanik, besteen eredu bihur daitezke, lider naturalak, hain zuzen, hizkuntza-liderrak, hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko. Horixe da azken helburua, gure herriko nerabe batzuk euslider bilakatzea.