2020ko programazioaren azala

Elgoibarko Udalak abenduaren azken astean buzoneatu du Herriko Antzokiak hurrengo sei hilabeteetan hartuko dituen ikuskizunen programazioa. Urtarriletik ekainera arte, kultur eskaintza oparoa eskainiko da, gustu eta adin guztiei zuzendutako hitzorduak izanik.

Azpimarratu beharra dago, nagusientzako prestatutako programazioa oso potentea izango dela urteko lehenengo seihilekorako. Aipatzekoak dira adibidez urtarrilaren 18an izango den “Martin Zalakain” dantza ikuskizuna. Produkzio handiarekin datorren emanaldia da, 100 pertsona inguru izango dira eszenatokian. Horregatik, Herriko Antzokian izan beharrean, Olaizaga Kiroldegian izango da, espazio gehiago eskaintzen baitu.

Otsailaren 14an, Txalo Produkzioaken eskutik, “Ene ba!” antzerki ikuskizuna ere Elgoibarren izango da. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, Euskal produkzio honek antzezle ezagunak ditu, Asier Sota, Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Joxe Kruz Gurrutxaga eta Alazne Etxeberria.

Martxoaren 13an, azpimarratzekoa da “Zaldi urdina” artedrama, Euskadiko antzoki guztietan ikaragarrizko arrakasta izaten ari den antzezlana. Justo Arriola elgoibartarrak idatzitako liburu baten oinarritutako obra da, drogen gaia jorratzen duena.

Apirilaren 24an, Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak protagonizatutako “Moko zorrotza” izango da. Mario Hernandezek zuzuzendutako komendia honek, barrez leherraraziko ditu ikusentzuleak.

Karabanserai Produkzioakek, “Angelita: Iparragirreren bertso librea” ekarriko du maiatzaren 8an. Iparragirreren figuraren inguruan egindako antzezlana da. 2020an Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena ospatuko da. Ikuskizun honetan Iban Urizar elgoibartarra, estrainekoz, aktore lanetan arituko da.

Antzerki familiarrari dagokionez, aurten “ekologian” jarri da arreta berezia. Denon artean zaindu behar ditugu itsasoa eta lurra. Helburu honekin bi antzezlan izango dira: “Itsasoen deiadarra” urtarrilaren 19an eta “20000 legoa itsaspeko zaborretan” otsailaren 16an.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Bizi Dantza” ikuskizuna ere Elgoibarren izango da martxoaren 6an. Otsailaren 8an jarriko dira sarrerak salgai. Buzoneatutako programan akats bat dago, izan ere, saioen emanaldiak arratsaldeko 17:00etan eta 19:00etan izango dira. Azken hauek dira ordutegi zuzenak, ez inprimatutako programan ageri direnak. Barkatu eragozpenak.

Aurresalmenta larunbatetan izango da, 19:15etik 21:45era, Herriko Antzokiko leihatilan. Zinerako eta antzerkirako sarrera-salmentei dagokionez, zine edo antzerki emanaldien egunetan, aurrez saldu ez diren sarrerak lehiatilan salduko dira. Kutxabanken bitartez ere erosi ahalko dira.

Aurten ere, Elgoibarko Udalak erabiltzaileei bonu anitzak eskainiko dizkie:

  • Zine-Bonua: lau saiotara doazen erabiltzaileek bosgarrena doan izango dute. 13 urtetik gorakoentzat.

  • Ikuskizun eszenikoen bonua: bi saiotara doazen erabiltzaileek hirugarrena doan izango dute. 13 urtetik gorakoentzat.

  • Ikuskizun eszenikoetara joaten diren adingabeen laguntzaileentzako bonua: adingaberen bati laguntzera, haurrentzako ikuskizun eszenikoetara, lau aldiz doazen erabiltzaileek, doan sartuko dira laguntzaile gisa doazen bosgarren aldian. 13 urtetik gorakoentzat da.

Bonu hauetaz gain, bi bonu berezi daude Gazte Txartela duten gazteentzat.