hizk

Hondarribiko Juan Sebastian Elkano aterpetxeak hogeita hamabi gazte hartuko ditu abenduko lehenengo astean. Ez dira nolanahiko bisitariak, Hizkuntza gutxituei buruzko egitasmo batean parte hartzen ari diren hainbat gazte dira, Irlandakoak eta Euskal Herrikoak. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Europa mailako Erasmus + laguntzak babesten dute, eta Zizurkil eta Elgoibarko Udalek, Donibane Garaziko Lizeo Publikoak eta Galwayko (Irlanda) Muintearas Teo elkarteak parte hartzen dute.

Erasmus + egitasmoaren helburua Europako hizkuntza aniztasunaz ohartarazteaz gain, Europako leku ezberdinetako gazteek egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikustaraztea. Europan milaka herritar dira egoera diglosikoan bizi direnak eta Erasmus + egitasmoan parte hartzen ari diren 14 eta 16 urte bitarteko 32 gazteek euskararen eta gaelikoaren eguneroko errealitatea ezagutzeko eta hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuan inguruko lanketa egiteko aukera izango dute.

Horrez gain, hizkuntzekiko duten ikuspegi kritikoa lantzeko saiakera egiten ari dira eta hizkuntza gutxituen arteko harremana eta erlazio horri buruzko hausnarketa bultzatzen, beti ere gazteak, euskara eta gaelikoa eta ahalduntzea erdigunean jarriz. Lanketa honekin, Europako leku ezberdinetako gazteak egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikustarazten ari dira

Proiektuaren jatorria

Egitasmoak Zizurkil eta Elgoibarko Gaztelekuetan du sorrera, bertan antzeman baitzuten Europako gazte trukaketa proiektu baten beharra. Gipuzkoako bi herri horietako gazteek parte hartzen dute, Donibane Garaziko eta Irlandako Galway herriko gazteekin batera. Herri bakoitzeko zortzi gazte eta bi hezitzaile ari dira. Euskal Herriko gazteak gaelikoaren berri izaten ari dira, Irlandarrak, aldiz, euskarak bizi duen errealitatera gerturatzen ari dira Gazteak eta Hizkuntza gutxituak gaiaren inguruko tailerren bidez. Herrialde desberdineko nerabeak elkarrekin ari direnez, jarduera guztiak euskaraz eta ingelesez egiten dira.

Azken egonaldia

Hondarribiko egonaldiarekin amaituko da Erasmus + egitasmoa. Aurrez, ordea, beste bi fase izan dira. Lehenengoan, gazte euskaldunak elkar ezagutzeko topaketa bat egin zen Donostian, irailaren 28an. Bigarrengoan, astebeteko egonaldia egin zuten Galwayn, urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean. Besteak beste, gaelikoa egoera hobea dagoen Gaeltach eremua bisitatu zuten, TG4 telebistan egon ziren edota hainbat joko tradizional ezagutu zituzten.

Hondarribiako egonaldia abenduaren 2tik 8ra izango da eta gazteak astebetez egongo dira Euskal Herrian barrena. Egun horietan euskararen inguruko formazioa jasoko dute, hainbat bisita eta soziolinguistikaren inguruko hitzaldien bidez. Antolatzaileek aurreratu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundia, 2deo, Real Sociedad edota Mintzola bisitatuko dituzte eta hainbat adituren hitzaldiak entzungo dituzte. Eta iritsi berritan, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, erakundeetako ordezkariek harrera egingo diete Foru Aldundian.

Egitasmoak jasotzen zituen egonaldiak bukatu ondoren, nerabeek lanketa berezia egingo dute Gaztelekuetan eta ikastetxeetan, haien esperientzia zabaldu eta euren inguruan hizkuntza ohiturak aldatzeko saiakera eginez.