jostailu

Gabonak direla eta, Elgoibarko Udalaren Ludoteka eta Gaztelekuak, Atxutximaikarekin batera familientzako jostailu  erakusketa bat antolatu du azaroaren 20, 21, 22 eta 23an Kultur Etxeko sotoan eta Aita Agirre kulturguneko erakusketa gelan.

Erakustaldiak Elgoibarko gurasoei Gabonetan erosiko dituzten jostailu egokiak aukeratzen laguntzea du helburu nagusi. Izan ere, egun, hain da eskaintza handia non zaila izaten den jolas aproposenak hautatzea. Xede horrekin, hain zuzen ere eta hezkidetza, kooperazioa eta komunikazioa bezalako irizpideak kontuan hartuta, guztira 60 jostailu aurkeztuko dira. Lehenengoz, erakusketa bi espazio desberdinetan egingo da, besteak beste: Kultur Etxeko sotoan (0-8 urte bitartekoentzako jostailuak) eta Aita Agirre kulturgunean (8 urtetik aurrerakoentzat). Ekimena azaroaren 20, 21 eta 22an egingo da 17:00ak eta 19:30ak artean eta hilaren 23an, aldiz, 11:30etik 14:00etara.

Halaber, jardunaldietan hezitzaileek jolasa zer den eta bere funtzioak azalduko dituzte, baita gomendio batzuk eman ere. Baieztatu dutenaren arabera, aukeratutako jolasak “haurren eta nerabeen adinerako egokiak izan behar dira,  bestelako ume zein familiarekin jolastea ahalbidetzen dutenak, bestalde, jokabide sexista eta belikoak baztertu behar dituzte eta homologatuak izateaz gain, dibertigarri eta entretenigarriak ere izatea komeni da”.

Aipatzekoa da ere, jostailuen katalogo bat sortu dela bisitarientzat eta erakusketan parte hartuko dutenen artean jostailuak zozketatuko direla.