emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren bannerra

  • Udalak eta herriko elkarteek antolatuta, abenduaren 1era arte hitzaldiak, pelikulak, zine eta bideo forumak, tailerrak, ipuin kontalariak, antzerkiak eta elkarretaratzeak ospatuko dira Elgoibarren.
  • Adin eta gustu guztiei zuzendutako ekimen hauek Elgoibarko hainbat gunetan egingo dira, besteak beste: Kultur Etxea, Gotzon Garate Udal liburutegia, Olaizaga kiroldegia, Gaztelekua, Herriko Antzokia eta Kalegoen plazan.
  • Kartela (PDF)

Beste urte batez, azaroaren 25ean ospatzen den Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Elgoibarko Udalak, Haizea Emakume Taldea, Uluka Batuka, Gaztelekua, Emakumeen Kontseilua, Kirol Patronatua, Ongarri Zine Kluba eta Gotzon Garate Udal liburutegiarekin elkarlanean abenduaren 1era arte luzatuko diren doako jardueraz beteriko egitaraua antolatu du.

Jada ohikoa den bezala, programak adin eta gustu guztiei zuzendutako ekimenak bilduko ditu. Hitzaldiak, pelikulak, zine eta bideo forumak, tailerrak, ipuin kontalariak, antzerkiak eta elkarretaratzeak izango dira Elgoibarko hainbat gunetan, bestak beste: Kultur Etxea, Gotzon Garate Udal liburutegia, Olaizaga kiroldegia, Gaztelekua, Herriko Antzokia eta Kalegoen plaza.

Ekintza nagusi gisa, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, elkarretaratzea egingo da Kalegoen Plazan 19:30ean emakumeekiko edozein indarkeria gaitzetsi eta herritarren kontzientzian eragiteko asmoz. Zentzu horretan, Elgoibarko Udalak biolentzia matxistaren kontrako jardunaldi honetan zein bestelako ekintzetan parte hartzeko deialdia luzatzen die herritarrei.

2019ko urrira arte 51 emakume (iaz baino 8 gehiago) erail dituzte espainiar estatuan dagoeneko beren bikoteek edo bikote ohiek. Hots, iaz urte osoan eraildako kopuru berdina (2017an 50 izan ziren; 2016an, 49; 2015ean 60 eta 2014an 55. Estatu mailan, beraz, 975 emakume hil dituzte 2003. urtetik 2018ra.

Emakunderen arabera 4 emakume erail dituzte Euskal Herrian (3 Lapurdin eta 1 Nafarroan) 2019. urtean (2018an 9 izan ziren; 2017an 6; 2016an 4; 2015ean 5 eta 2014an 6). EAEn indarkeria matxista pairatu duten emakumeen datuak gorantz doaz azkeneko urteotan. Izan ere, 2018an 2005ean (datuak biltzen hasi zen urtea) baino 1.501 kasu gehiago erregistratu ziren (%39,4ko hazkundea suposatzen du).