gurasoentzako

  • Urriaren 17an “Adimen emozionalean trebatzen” gauzatuko da eta urriaren 31n “Haurren autonomia, erakutsi ala ikasi?”. Biak Elgoibarko Kultur Etxeko Hitzaldi Gelan ospatuko dira eta punta-puntako hizlariek zuzenduko dituzte.
  • Nobedade gisa, kontziliazioaren bidean, “Guraso Formakuntza” ekimenaren saio guztietan zaintza zerbitzua eskainiko da parte-hartzaileen seme-alabentzako.

Elgoibarko Udalaren eta herriko ikastetxeetako guraso taldeen arteko elkarlanaren bitartez osatuta dagoen “Guraso Formakuntza taldeak” bi formakuntza saio programatu ditu urtea amaitu baino lehen gauzatzeko, besteak beste: “Adimen emozionalean trebatzen” eta “Haurren autonomia, erakutsi ala ikasi?”. Biak Elgoibarko Kultur Etxeko Hitzaldi Gelan ospatuko dira eta punta-puntako hizlariek zuzenduko dituzte.

Lehenengoa, “Adimen emozionalean trebatzen”, urriaren 17an ospatuko da eta herriko guraso guztiei zuzenduta dago. Bertan, parte-hartzaileek, Sasoia SL-ko Ixone Akarregik zuzenduta, adimen emozionalaren trebakuntzak ez duela adinarekiko loturarik eta bizitza osoan zehar landu beharreko eta landu daitekeen zerbait dela ikasiko dute. Horretarako, honako gaiak jorratuko dituzte, besteak beste: “Zer da adimen emozionala?”, “Hezkuntza emozionala babes faktore moduan”, “Zaintzeko…zaintza” eta “Urrezko arauak”. Guztira, bi sesio egingo dira, 15:30ean euskaraz eta 18:00etan erderaz.

Bigarren saioa, “Haurren autonomia, erakutsi ala ikasi?” izenekoa urriaren 31n egingo da, 17:30ean. Haur txikienen gurasoei zuzendutako jarduna Nerea Mendizabal hizlari ezagunak zuzenduko du.

Kasu bietan, parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena ikastetxeen bitartez jasotako informazioa zein whatsapp bidez egindako zabalkundeko loturen bitartez.

Halaber, nobedade gisa, kontziliazioaren bidean, “Guraso Formakuntza” ekimenaren saio guztietan zaintza zerbitzua eskainiko da. Izan ere, zenbait gurasok saioetan parte hartzeko zailtasunak dituztela ikusita, formakuntza irauten duen bitartean gertuko gela batean hezitzaileak egongo dira parte-hartzaileen umeak zaintzen. Zerbitzua doakoa izango da eta berez izena ematea derrigorrezkoa ez den arren, gomendagarria da aldez aurretik ohiko bideetatik jakinaraztea.