San Bartolome kaleko lanak
San Bartolome kaleko lanak
  • Udalak txosten bat egin du Kalegoen plaza 4 eta San Bartolome kalea 3 zenbakietan dauden eraikinen egoerari buruz eta bizilagunak ere informatu ditu hurrengo asteetan egingo diren jarduera berezi hauen inguruan.

Pasa den ekainaren 28an Kalegoen 4 zenbakian dagoen eraikinaren eta San Bartololome kalearen arteko horma erori ostean, Elgoibarko Udalak salbuespenezko hainbat neurri hartu zituen, segurtasun publikoa eta kultura, historia eta arte ondarearen integritatea arriskuan ez jartzeko. Neurri horiek jadanik hartu ziren uztailean eta abuztuan.

Honez gain, azken asteetan, Udal Zerbitzu Teknikoek beste txosten bat egin dute Kalegoen plaza 4 eta San Bartolome kalea 3 zenbakietan dauden eraikinen egoerari buruz. Egoera gehiago egonkortzeko helburuarekin, txosten honi esker, Udalak, hurrengo lerroetan deskribatzen diren neurri gehigarri hauek martxan jarriko ditu, orain arte hartu diren gainerako premiazko neurrien eraginkortasuna bermatzeko, eta larrialdi lanak bukatutzat emateko Kalegoen 4, San Bartolome 1 eta San Bartolome 3an.

Gertaeraren lehenengo minututik, gure lehentasuna, eragindako atarietako bizilagunen segurtasuna bermatzea, kaltetutako eraikinaren egitura sendotzea eta auzotarrei, emandako pauso guztien berri ematea izan da. Pauso hauetako bakoitza, kontu handiz eman dugu eta oraindik ezbeharraren arrazoi zehatzak ezagutzeko lanean dihardugu. Bitartean Udalak bere konpromisoa mantendu eta bizilagunekin hitz egin eta laguntza eskaintzeko borondateari eusten dio, egoera lehen bait lehen konpontzeko xedearekin”, adierazi du Ane Beitia Elgoibarko alkateak.

Aipatu bezala, datozen asteetan burutuko diren jardueren artean hurrengoak nabarmentzen dira:

  1. Hormigoizko zolata bat egingo da eta zuntzak jarriko dira San Bartolome 1 zenbakiko orubean dagoen zolatan, inguruko eraikinetako lurrazpian dauden harri txintxorrak eta betetze materiala ez garbitzeko. Zolata hau behar adinako materialarekin egingo da, isurtzen diren urak herri bideko hustubideetarantz bideratzeko.

  2. Kalegoen 4ko mehelin guztian behin-behineko itxitura bat egingo da, eraikina aire zabalean gera ez dadin, eta haizearen erasoetatik babesteko.

  3. Behar adina lekuko jarriko dira San Bartolome 3 zenbakian dagoen eraikinaren barrualdean eta kanpoaldean, egituran egon daitezkeen mugimenduen balizko jarraipena egiteko.

  4. Kaltetutako gunearen itxitura perimetrala osatzeko, ate bat jarriko da, karkabatik eroritako gunerako pasabidea mugatzeko.

Kalegoen 4, San Bartolome 1 eta San Bartolome 3ko bizilagunak hurrengo asteetan burutuko diren lan hauen inguruan informatuak izan dira.