kanpaina

 

  • Adikzioak saihesteko kanpainaren barruan abuztuaren 23an, San Bartolome bezperan Botiltzarra eta testing zerbitzua abiaraziko da eta abuztuaren 31n Baserritar egunean, berriz, alkoholimetria eta testing zerbitzua.
  • Jaiak berdintasunean eta eraso sexistarik gabe igaro daitezen “Baietzik gabe, EZETZ da!” kanpaina abiatu da. Beldur Barik Gunea sexu erasoen prebentzio eta aholkularitza zerbitzua abuztuaren 23an Kalegoen plazan eta abuztuaren 30ean eta 31an, Maalako parkean instalatuko da. Abuztuaren 26an Uluka Batukaren batukada eta “Jaietan ere, ezetza ezetza da” photocall-a egingo da. Hainbat taberna eta txosnetan txapak, telazko pultserak… banatuko dira.
  • Jaietako kanpaina barruan egingo den beste ekintza bat, ondoren urtean zehar mantenduko dena, indarkeria matxista salatzeko jarriko den markagailua da. Honek estatu espainiarrean, genero indarkeriaren ondorioz hil diren biktima kopuruaren informazio eguneratua emango du.

Ongizate eta Berdintasun Sailek egindako koordinazio esfortzu bereziari esker, Elgoibarko Udalak San Bartolome jaietan zehar kanpaina desberdinak abiarazi ditu. Alde batetik, alkoholaren eta beste hainbat sustantzien kontsumoari lotutako arriskuen inguruan informatu eta murrizteko helburuarekin, adikzioak prebenitzeko programa jarriko du martxan, Botiltzarra programa, informazio eta substantzia testing eta alkoholimetria gune batez osaturikoa. Bestalde, Jaiak berdintasunean eta eraso sexistarik gabe igaro daitezen “Baietzik gabe, EZETZ da!” kanpaina eta Beldur Barik Gunea sexu erasoen prebentzio eta aholkularitza zerbitzua abiatu da.

 

 

Adikzioen prebentzio kanpaina 

Arriskuak murrizteko, adikzioen prebentzioaren programaren baitan eta Eusko Jaurlaritzaren adikzioan zuzendaritzaren laguntzarekin, Elgoibarko Udalaren Gizarte Ongizate Sailak bultzatuta, alkoholaren eta beste hainbat sustantzien kontsumoari lotutako arriskuen inguruan informatu eta murrizteko helburuarekin, beste behin “Prebentzio Guneak” aktibatuko ditu. Horrela, aurten egun ezberdinetan zehar jardun ezberdinak antolatu dira San Bartolome jaietan zehar:

Abuztuak 23, San Bartolome bezpera: Botiltzarra eta testing zerbitzua

  • Botiltzarra

Ailaket-eko lagunek Botiltzarra programa gauzatuko dute Elgoibarren nerabe, gaztetxo eta botiltzarra (botelloia) egin asmo duen guztiari zuzenduta 20:30 eta 00:30 bitartean. Programak zehazki 5 helburu ditu:

  • Prebentzioa: Alkoholaren erabileraren arriskuak gutxitzea.
  • Kontzientziatzea: Alkoholaren erabileraren inguruko hausnarketa bultzatzea.
  • Zabalkundea: Arriskuak murrizteko gazteei neurriak azaltzea
  • Bizikidetza: 'Botiltzarrak' eragindako kalteak gutxitzea
  • Alternatibak: Alkoholaz gain, aukerak badirela sustatzea

Ai Laket-eko 6 lagun bertaratuko dira gazteek 'botiltzarra' egiten duten tokietara, jai giroan ere eta mozorro koloretsuak jantzita, gazte-taldeetara bertaratuko dira, eta arriskuak gutxitzeko, neska-mutilei hidratazio, elikatze, kontrol eta garbiketa aholku baliagarriak eskainiko dizkiete (ur-botilatxoak eta jateko zerbait banatuko dizkiete). Azken finean, lagun hauek gazteei azaldu nahi diete "jaietan ondo pasatzeko ez dela beharrezko mozkorraldi ikaragarri bat harrapatzea".  Hortaz gain, Ai Laket-eko lagunek gazteei azaltzen dizkiete jai-egitarauak zein ekitaldi proposatzen dizkien, alternatibak dituztela erakusteko, gazteak denbora osoan zurrutean ez egoteko. Gainera, gazte bakoitzak jakin dezan zenbat edaten duen, likidoa neurtzeko edalontziak ematen dizkiete gazteei, zaborraren arazoa konpontzeko ere, Ai Laket!!ek zabor-poltsak banatuko dituzte gazteen artean…

  • Drogen inguruko informazio eta testing postua.

Testing-eko postua Bolatokian kokatuko da eta 22:30-01:30 bitartean martxan izatea aurreikusten da. Postu honetan, substantziei buruzko informazioa ematen da gaiarengan interesa duen edozeini. Horrez gain, eta horrela behar zein nahi duenak, aukera izango du substantzia ilegalen testa eta analisia, hala nola informazio orokor zein pertsonalizatua jaso.

 

Abuztuak 31 Baserritar eguna: Alkoholimetria eta testing zerbitzua

  • Alkoholaren inguruko informazio eta alkoholimetria postua.

San Bartolome jaien egitarauaren baitan, alkoholaren gehiegizko kontsumoari buruz sentsibilizatu, informatu eta arreta hartzeko kanpaina egingo da adin guztietakoei zuzenduta. Horretarako, SASOIAkoen postuaren ordutegia: 23:30-3:00.


Lehenengo eta behin adinari, sexuari, erretzaileak diren edo ez eta egindako alkohol kontsumoari buruzko galdera sorta bat egingo zaie, baita lekualdaketaren bat eginez gero hori nola egingo duten (autobusa, trena, norbere kotxea, taxia…). Ondoren, alkohol mailaren froga egingo zaie hala nahi dutenei.

 

  • Drogen inguruko informazio eta testing postua.

Testing-eko postua “Andonegi etxe”-an dagoen seguru-etxeko “terrazatxoan” kokatuko da eta 23:30-3:00 bitartean martxan izatea aurreikusten da.

 

Berdintasunean eta eraso sexistarik gabe disfrutatzeko kanpaina

Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak, Emakume Kontseiluarekin batera eta herriko ostalarien laguntzarekin, “Baietzik gabe, EZETZ da!” kanpaina abiatu du, jaiak berdintasunean eta eraso sexistarik gabe igaro daitezen.

Elgoibarko Udalak, San Bartolome jaietan ere, eraso sexistarik gabeko herri baten alde egin nahi du, eta horrexegatik, herriko talde feministei eta ostalariei lankidetzan aritzeko proposamena egin die. Udalak uste du denon ardura dela festak guztiontzat seguruak eta gozagarriak izateko lan egitea; eta bide horretan, ezinbestekoa da eraso sexisten prebentzio lanetan herriko eragile ezberdinak lankidetzan aritzea.

Aurtengo jaietan, hiru egunetan izango da Beldur Barik Gunea, hau da, sexu erasoen prebentzio eta aholkularitza zerbitzua: abuztuaren 23an, ostiralean, Kalegoen plazan eta abuztuaren 30ean eta 31an, ostiral eta larunbatean, Maalako parkean. Kontzertuen ordutegiak kontutan hartuta, 22:00etatik 1:00etara izango dira zerbitzu hauek zabalik.

Gainera, abuztuaren 26an, Txiki egunean, 13:30ean, herriko emakumez osatuta dagoen ULUKA BATUKA taldearen saio erreibindikatzailea izango da Kalebarren plazan. Bestalde 13:00ak eta15:00ak bitartean, leku berean, “Jaietan ere, ezetza ezetza da” fotokolaren 3. edizioa egingo da, herritarren argazkiak jasotzeko. Herriko hainbat tabernatan ere, txapak, telazko pultserak… banatuko dira, identifikatzen diren eraso sexistak salatzera animatzeko. Honekin batera, Emakumeen Kontseiluak landu duen protokoloa banatuko da. Eraso sexista baten aurrean jarraitu beharreko pausoak azaltzen dituen protokoloa, hain zuzen (poltsikorako esku-orri formatuan).

Kanpaina bultzatzen duten erakunde eta elkarteen iritziz, jaietan ere islatu behar da berdintasunezko gizartearen aldeko lana, pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen gizartearen aldekoa. Ez alkohola, ez jaia bera, ez dira aitzakia emakumezkoen eta gizonezkoen eta neska eta mutilen arteko harremanak berdintasunezkoak ez izateko, emakumeak sexu-objektu gisa tratatzeko, edo zenbait tokitan segurtasun eza edo beldurra sentitzeko” baieztatu dute Berdintasun saileko arduradunek. Hortaz, jarrera aktiboa eskatzen dute emakumeak errespetatzen ez dituzten edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra. “Errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrera, alegia” gehitu dute. Eta herritar guztiei dei egiten diete jaietan ere jarrera sexistarik gabeko espazioak sortarazten laguntzeko.

Markagailu bat indarkeria matxista salatzeko

Jaietako kanpaina barruan egingo den beste ekintza bat, ondoren urtean zehar mantenduko dena, indarkeria matxista salatzeko jarriko den markagailua da. Emakumeen Kontseiluak, hilero udalarekin elkartzen denak, ekimen hau proposatu zuen gure gizartean min handia sortzen ari den indarkeria matxista salatzeko.

Markagailua azoka plazako leihoetako batean jarriko da, San Frantziskoko iturria dagoen alderantz. Markagailuan, estatu espainiarrean, genero indarkeriaren ondorioz hil diren biktima kopuruaren informazio eguneratua emango da.

Aurten, dagoeneko, 40 emakume izan dira haien bikotekideek edo bikotekide ohiek hil dituztenak. Baina, benetan, askoz gehiago dira, “feminicidios.net” webgunearen arabera, indarkeria matxistaren ondorioz erailak izan diren emakumeen kopurua. Egia esan, Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzaren erregistro ofizialak aitortu dituenak dira 40 emakume horiek; izan ere, erregistro horretan agertzeko, beharrezkoa da emakumeek eta haien hiltzaileek harreman sentimentalen bat mantentzea edo mantendu izana.