Hurrengo astelehenean, uztailak 15, Elgoibarko Udalak Gotzon Garate liburutegiko materiala Aita Agirre eraikin berrira eramateko lanei hasiera emango die. Liburu, entziklopedia, hiztegien… artean, liburutegiak, egun, 40.000 ale inguru ditu. Materialaren lekualdatzeak astebeteko iraupena izango du, gutxi gorabehera. Gauzak horrela, udarako libururen bat maileguan hartu nahi duten erabiltzaileek Gotzon Garate liburutegitik pasa beharko dute aste honetan zehar.

Halaber Kultur Etxean  kokatuta dauden Euskaltegia eta Kultura eta Euskara sailek uztailean zehar hasiko dute lekualdatzea Aita Agirrera. Aurreikusten denaren arabera hiru sailak ikasturte berrirako martxan egongo dira kokapen berrian. Izan ere, irailean, kultur etxeko obrak hasiko dira, non, hitzartutakoaren arabera, Elgoibarko Udalak lehenengo solairuko zati bat PuntuEus Fundazioari lagako dion, Fundazioak bertan bere proiektuak garatu ditzan. Kasu honetan, obrak urte bukaeran amaitzea aurreikusten da.