Elgoibarko Udalak argitaratutako eta Andoni Segundo Armerok idatzitako “Elgoibarko zuhaitzak. Gida eta sailkapen-gakoa” liburua gazteen artean ezagutzera emateko, eta nolabait, zuhaitzei buruzko ezagupenaren grina sustatzeko asmoz, Udalak lehiaketa bat antolatu zuen liburuaren “Bazenekien” / “Sabías qué” atalarekin.

Institutu, Ikastola, Meka eta IMHko ikasleei (gelaka) zuzendutako lehiaketa honetan, 18 gelek hartu dute parte eta horietatik 4 izan dira galdera guztiak (18) zuzen erantzun dituztenak. Hori dela eta, lehiaketaren oinarrien arabera irabazleen artean zozketa bat egingo da ostiral honetan, ekainak 7, goizeko 10:20ak inguru Herri Eskolako liburutegian. Bertan, irakasle eta ikasleez gain, Iosu Arraiz Hirigintza zinegotzia eta Idoia Álvarez Jasangarritasun teknikaria egongo dira.

Guztira, bi gela izango dira saridunak. Saria gela guztiarentzako goiz bateko surf ikastaroa (2 ordu) izango da eta printzipioz saioa ekainaren 19an egingo da Deban.