Pilar ikastetxearen lursaila gune berria eraikitzeko.
Adinekoen egoitza
  • Udalak Pilar ikastetxearen lursaila lagako dio Aldundiari, 100 plaza inguru eskainiko dituen gune berria eraikitzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Elgoibarko Udalaren erabakiz, mendekotasuna duten adinekoei zuzendutako egoitza bat eta eguneko zentro bat eraikiko dituzte udalerri horretan, Pilar ikastetxearen lurzatian. Elgoibarko Udalak lursail hori lagako dio Aldundiari, 100 plaza inguru eskainiko dituen gune berria eraikitzeko. Hala iragarri dute Markel Olano diputatu nagusiak eta Ane Beitia Elgoibarko alkateak, gaur goizean udalerrian egin duten bisitan.

Proiektu honek eragin positiboa izango du eskualde osoko, udalerrietako itxaron zerrendak murrizten lagunduko baitu. Gaur egun, Debabarrenan 38 lagun daude itxaron zerrendan”, nabarmendu du diputatu nagusiak. Jarraian azpimarratu duenez, “Aldundiak legealdiaren hasieran hartu zuen adinekoen ongizatea, bizi kalitatea eta zaintza gizarte politiken lehen lerroan jartzeko konpromisoa”.

Lankidetza honen barruan, batetik, Foru Aldundiak Pilar ikastetxearen lur sailean egoitza erabilera izango duen zentro bat eraikitzeko konpromisoa hartu du. Bestetik, Aldundiak Elgoibarko Udalaren esku utziko du zentro berria ireki ondoren itxita geratuko den San Lazaro eraikina, Udalak bizi osorako etxebizitzak egitera bidera dezan.

 

Halaber, lankidetza protokolo beraren eskutik, Elgoibarko Udalak lurpeko aparkaleku bat eraikitzeko konpromisoa hartu du. Aparkaleku hori 0 kotaren azpian eraikiko da, lagako den Pilar ikastetxearen lursailean. Orobat, Udalak idatziko du, Pilar ikastetxearen lursailean egoitza berria eraikitzeko lanak hasi ondoren, udal eskumeneko zerbitzu izatera pasatuko den San Lazaro eraikinari beste erabilera bat emateko beharrezko obrak egikaritzeko proiektua. Akordioaren harira, diputatu nagusiak azpimarratu du “bi erakundek afinitatea” dutela “pertsona ardatz” duen arreta eredu berria sustatzeko, eta, horrela, arreta behar dutenen autonomia eta independentzia bultzatzeko.

Foru arduradun nagusiak gogorarazi duenez, azken aste hauetan, Aldundiak Irungo egoitza berriaren obrak kontratatzeko prozedurari ekin dio, Usurbilgo zentro berritzailea aurkeztu du. Horrez gain, aurkeztu berri du Pasaian kokatuko den Adinberri eraikuntza proiektua ere; zahartzaroaren eta mendekotasunaren arretari dagokionez erreferentzia izango den zentro berria, hain zuzen. “Orain Elgoibarren txanda da, eta, beraz, Debabarrenarena”, esan du Olanok. Harentzat, honelako akordioak erakundeen arteko lankidetzaren “adibide bat gehiago” dira, eta, 

horien bidez, zahartzearen eta mendekotasunaren arretarako sarea “eraldatzen ari gara” Gipuzkoan; “gizarte politika sendoak” dituen lurralde bat gara.

Markel Olanok adierazi du, bestalde, mendekotasuna duten adinekoak “beraien etxeetan" bizi ahal izateko arreta soziosanitarioko ereduarekin batera, eta osasun arazoengatik bertan jarraitu ezin dutenerako pentsatuta, “beharrezkoa” dela egoitzetan mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako plaza kopurua “handitzea”, “etorkizunean sor litezkeen behar berriei aurrea hartzeko”.

Horretarako, diputatu nagusiaren arabera, erakundeak “ahalegin handia” egin du lurralde osoan, modu orekatu batean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri duen “estrategia integral” bati esker, “egoitzetan eta eguneko zentroetan guztira 361 plaza” sortuko dira legealdi amaierarako. Eta gaineratu du, estrategia integral hori 2018-2021ko Gizarte Zerbitzuen Mapan islatuta dagoela, eta horri esker 869 plaza berri sortzea proposatzen dutela, horietatik 446 plaza lurralde osoko mendekotasun egoera dauden pertsonei zuzenduta.

Ane Beitia Elgoibarko alkateak, berriz, adierazi du Legealdi honetan zehar Elgoibarko Udalaren “lehentasunetako bat” izan dela “gure adinekoen ongizatea bermatu eta euren bizi kalitatea hobetzen saiatzea”. Helburu hau betetzeko xedez, azaldu du gizarte-ongizate sailak “indar guztiak” jarri dituela “prebentzioan eta asistentzian” oinarritutako neurriak abiaraziz; eta okasio honetan bezala, Gipuzkoako Foru Aldundia bezalako beste erakunde batzuekin “elkarlanean”. Zalantzarik gabe, “gaur urrats garrantzitsua ematen dugu Elgoibarko adinekoen zaintzan", erantsi du Beitiak.

Amaitzeko, diputatu nagusiak gogorarazi du “Gipuzkoan gizarte kohesionatu bat” dugula, “gizarte-ehun sendo eta gizarte zerbitzu aurreratu batzuei esker”. Gizarte kohesiorako “ezinbestekoa da gizarte politiken eredu honi eustea, eta Gipuzkoan lanean ari gara kolektibo honek ongizatea eta bizi maila duina izan ditzan”. Jarduketa protokolo honen bidez, eta Elgoibarko Udalarekin batera, Foru Aldundiak “ekarpena” egiten dio Debabarrenan eta Gipuzkoan modu orekatuan garatzen ari den arreta ereduari. “Eta bide horretan eragin behar diogu lankidetzan tokian tokiko administrazioek, bai aldundiak bai lurraldeko udal guztiek”, ondorioztatu du.