Bernardo Ezenarro
Bernardo Ezenarroren proiektuaren planoa

 

Elgoibarko Udalak Bernardo Ezenarro kalea berrurbanizatzeko lanak lizitaziora atera ditu gaur. Udalak guztira 63.238 euro (BEZa barne) bideratuko ditu kalea noranzko bakarrekoa izan daiten trafikoarentzat (goranzko norabidean). Jarduketa honi esker, San Rokeko igogailuraino doan espaloia zabaldu egingo da eta igogailua eta osasun-zentroaren arteko zebra-bidetik igarotzen diren oinezkoen segurtasuna handitu. Gaur egungo espaloia 1,5 metro ingurukoa da baina obrei esker, 2 eta 3,5 metro bitarteko zabalera izango du, zonaldearen arabera. Honez gain, galtzadaren alde batean aparkalekuak sortu ahal izango dira, 20 guztira.

Iosu Arraiz hirigintza zinegotziaren esanetan, “lanak hurrengo asteetan hastea aurreikusten dugu eta gutxi gorabehera bi hilabeteko iraupena izango dute, beti ere eguraldiak laguntzen baldin badu”. Bestalde, alkateak, Ane Beitiak adierazi du “Aizkorri eta Urazandi auzoen arteko bidearen egokitzapen lanak hasi ostean, aste honetan 2018ko udal aurrekontuak osatzeko martxan jarritako prozesu parte hartzailean lehenetsitako beste proiektu bati hasiera ematen diogu, herritarren aurrean hartutako konpromisoari erantzun bat eskainiz”. Era berean, Beitiaren esanetan, oinezkoei lehentasuna emango dion jarduketa baten aurrean gaude, beraien segurtasuna bermatzeko, bai zebra-bidean, bai anbulategiko sarreran.

Gogoratu beharra dago, 2018ko ekainean, aurrekontuen inguruan burututako prozesu parte hartzailean bozka gehien lortu zuen proiektua Bolatokiko Parkearen berriztapena izan zela, 2.124 botorekin. Udalak proiektu hau laster abiaraztea aurreikusten du. Bigarren postua, Aizkorri eta Urazandiren oinezkoen pasealekuaren proiektuak eskuratu zuen (1.926 boto) eta hirugarrena, dagoeneko lizitazio fasean aurkitzen den Bernardo Ezenarro kalea berrurbanizatzeko obrak (1.821 puntu).