Udaltzaingoa

  • Interesatuek otsailaren 15era arte dute eskaria egiteko epea.
  • Zenbait agenteren erretiroa dela eta, Udalak gutxienez 3 lanpostu eskaintzea aurreikusten du. Esperientziarik gabeko pertsonentzako aukera ona izango da.

Udaltzain beharrari erantzuteko lan poltsa osatzeko deialdia abiarazi du Elgoibarko Udalak. Agente batzuen erretiroa dela eta, gutxienez hiru lanpostu eskainiko dira. Gaur argitaratu da deialdi ofiziala Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta interesatuek otsailaren 15era arte dute eskaria egiteko epea.

Lan poltsan parte hartzeko baldintzak oinarrietan daude zehaztuta. Horien artean azpimarratzekoak dira adibidez, nahikoa izango dela Eskola Graduatua, Lehen mailako Lanbide Heziketa edo baliokide den titulua izatea eta ez dago adin mugarik, baina gutxieneko altura bat bai eskatzen dela. Oposizioko ariketei dagokionez, Elgoibarko kaleen ezagutzaren inguruan galdetuko da, ariketa teoriko bat, proba fisikoak eta elkarrizketa bat ere egingo dira besteak beste. Garrantzitsua da baita adieraztea, aurretik udaltzain lanetan ibiltzeagatik ez dela punturik emango, alegia, azterketetan ateratako puntuak izango direla baliozkoak bakarrik. Aukera ona da beraz esperientzia gabeko pertsonentzako.

Kaleak eta temarioa ikasteko dokumentuak Udalaren web orrian egongo dira eskuragai. Eskaerak behar bezala beteta aurkeztu behar dira ondorengo leku hauetako batean:

  1. HAZen, Santa Ana Kalea 2, 20870 Elgoibar. Ordutega: 7:30etatik 15:30ra, astelehenetik ostiralera.
  2. Elgoibarko Udaleko erregistro elektronikotik
  3. Posta-bulegoetan. Horrelakoetan, betiere aurkezpen-epearen barruan, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar zaio eskabidea postetxeko funtzionarioari, hark eguna eta zigilua jarri eta ziurtatu ahal dezan. Horrela bakarrik ulertuko da eskariak Postetxearen bulegoan entregatu ziren egun berberean sartu zirela Udal Erregistroan. Eskabidea bera da zigilatu beharrekoa.