uparizagakoplanoa

  • Udalak 200.000 euro inguru zuzenduko ditu udarako martxan egotea aurreikusten den instalazio berri hauek eraikitzeko.
  • Zentro berriak espazio berriak eta irisgarritasun-baldintza hobeak izango ditu. Gutxi gorabehera 350 metro karratuko azalera izango du eta 30 pertsonari zerbitzua emateko gaitasuna.

Menpekotasuna duten adin nagusiko pertsonentzako Eguneko zentroa Elgoibarko Udalak menpekotasuna duten pertsona nagusiei eta bere familiei arreta emateko gaur egun duen baliabideetako bat da. Zerbitzu honen bitartez udalerriko 20 familiari laguntzen zaie eta ireki zenetik baliabide egoki eta beharrezkotzat jo dira menpekotasunaren arretarako.

Mendekotasuna duten Adineko Pertsonentzako Eguneko Zentroak ohiko etxebizitzan era egokian eman ezin daitekeen berariazko arreta behar duten pertsonen beharrei erantzutea du helburu. Zentzu honetan, zentroak eguneko banakako arreta eskaintzen die eguneroko bizitzako jarduerak egiteko besteen laguntza behar duten 60 urte baino gehiagoko pertsonei.

Lehenengo pisuan kokatuta egonagatik, legealdiaren hasieratik korporazio honen lehentasunetariko bat izan da irisgarritasun-baldintzak hobetuko dituen eta ondorioz eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea hobetuko dituen kokapen berri bat aurkitzea.

Udalak pertsona nagusi eta bere familiei lagundu ahal izateko beharrezko baliabideak eskaintzeko asmo argia du eta hortaz, Elgoibarrek Mendekotasuna duten Adineko Pertsonentzako Eguneko Zentro berri bat izango du.

Udalak lehiaketa publikora atera berri du Uparitzaga kaleko 16. zenbakiko Babes Ofizialeko Etxebizitzen eraikin berriko behealdean kokatzen den lokala egokitzeko lanak. Instalazioak udarako martxan egotea aurreikusten da.

Udalak guztira 199.702,55€ zuzenduko ditu egungo zentroko erabiltzaileen baldintzak nabarmenki hobetzea ahalbidetuko duten instalazio berri hauek eraikitzeko. Lokal berriak gutxi gorabehera 350 metro karratuko azalera izango du eta 30 pertsonari zerbitzua emateko gaitasuna, honela egungo zentroak duen gaitasuna 10 pertsonatan handituko delarik. Dena den, zerbitzua 20 plazarekin hasiko da eta antzematen diren beharren arabera beste 10 gehitu ahal izango dira beti ere Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan.

Halaber, zentro berriak espazio berriak eta irisgarritasun-baldintza hobeak izango ditu. Lokalak sarbide zuzen bat du ipar-mendebaldeko fatxadan dagoen kaletik eta hego-mendebaldean eraikineko garajerako sarbiderako arrapala bat. Gainera kaletik bertatik edo dagokion garraiobidetik lokalera erabiltzaileen iritsiera eta irteera erraztuko duen kanpoko sarbide estali bat sortzeko asmoa dago. Honela, eta kalean bertan aurkitzen denez, ez da beharrezkoa izango igogailua erabiltzea gaur egun gertatzen den bezala. Espazioei dagokienez, lokal berriak sarrera jantzitegi eta guzti, bulegoa, kontsulta, jardueretarako espazioa, atsedenerako espazioa, jantokia, komun egokitua, bainugela geriatrikoa, office bat, aldagelak eta langileen komuna izango ditu.