Liburuaren aurkezpena, udaletxean
Liburuaren aurkezpena, udaletxean

 

  • Liburuak herrian ahozko testigantzen bitartez gerra zibila bizi izan zutenen bizipenak jasotzen ditu eta egia, justizia eta erreparazioa ardatz hartuta Elgoibarren gertatutako giza eskubideen urraketak azaleratzea du helburu.

Arratsalde honetan Elgoibarko Udaletxeko pleno aretoak beregain hartu du “Elgoibar 1936, zentral elektrikoetako fusilamenduak” liburuaren aurkezpena. Guda Zibilean zehar tropa frankisten erasoen ondorioz hildakoei omenaldi txiki bat egiteko ere balio izan duen ekitaldi honetan Ane Beitia, Elgoibarko Alkatea; Juantxo Agirre, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia, Elgoibar 1936ko kideak eta Alberdi eta Elkoroiribe familiako senitartekoak izan dira besteak beste.

“Elgoibar 1936, zentral elektrikoetako fusilamenduak” liburuak Elgoibarko Udaleko, Elgoibar1936 eta Gipuzkoako Foru Aldundia izan ditu laguntzaile gisa. Elgoibar1936 taldeko kidea den Hodei Otegi izan da egilea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikel Edeso eta Juantxo Agirre izan dira edizioaren koordinazioan.

Liburuak herrian ahozko testigantzen bitartez gerra zibila bizi izan zutenen bizipenak jasotzen ditu eta batez ere, Alberdi eta Elkoroiribe familien sufrimenduan oinarritzen da. Ane Beitia alkateak adierazi duenez “egia, justizia eta erreparazioa oinarritzat hartu eta gure herriak, gure aitona-amonek, hamarkada askotan zehar jasandako giza eskubideen urraketak azaleratu behar ditugu. Gaur aurkezten dugun liburua, konpromiso horren adibide bat baino besterik ez da. Oroimenak gordetakoa, paperean islatzen saiatu gara, ezkutuan egon diren sufrimenduak argitara atera nahi izan ditugu”.

Elgoibar1936, memoria historikoarekin konprometituta

Zehazki Elgoibar1936 elkartea helburu garbi batekin sortu zuten herritarrek 2007an, Elgoibarren, 1936ko altxamendu frankistek eginiko hilketa eta sarraskiak kontatzea eta biktimen oroitzapena gizarteratzea. Hau lortzeko bidean, hainbat arlotan egin dute lan, alde batetik artxibategiak aztertu eta bestetik herritarren esanak jaso.

Izan ere, liburu hau horren adierazle garbia da, “daukagun informazio guztia txukundu eta egituratzen hasi gara, eta benetan asko daukagu: elkarrizketa idatziak eta bideoak, artxibategietako orriak, egunkarietako berriak, udaleko aktak, Salamancako paperak, Aranzadi Zientzia Elkartetik ekarritakoak, Euskal Memoriarenak, hainbat liburuetatik ateratakoak, senideek urteetan ezkutuan gordetako gutunak... denetarik. Nonbaitetik hasi behar eta, Hodei Otegi gure kideari esker, bera baita lan handi hau bere gain hartu duena, Elgoibarren fusilatutakoetatik hasi gara” baieztatu du Iñaki Odriozolak Elgoibar1936ko kideak.