Euskara Sustatzeko Ekintza PlanaREN Logotipo

  • Kalea eta jendartea izango da datozen urteetarako joko-zelaia. Horretan, beraz, herritarren eta herri-elkarte eta ekimenen parte-hartzea eta laguntza ezinbestekoa izango da. Izan ere, herria euskalduntzea erronka kolektiboa da.

Elgoibarko Udalbatzak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana 2018-2022 (ESEP) onartu du aho batez, atzo arratsaldean egindako Osoko Bilkuran. ESEP funtsezko tresna da Elgoibarko herrian euskararen erabilera eta arlo guztietako normalizazioa sustatzen jarraitzeko. 2018-2022 tartean, euskara sustatzeko ezarritako helburu nagusiak jaso dira ESEPen, eta horiekin batera lehentasunezko ekintzak alorrez alor. Ez da proposamen itxia: urtez urteko kudeaketa planean zehaztuko dira jarduerak, eta helburuak zein lehentasunezko ekintzak ere egoeraren eta unearen arabera egokitu egingo dira, hala behar bada.

Plan estrategiko honen bidez Udalak bat egiten du Eusko Jaurlaritzak onartutako ESEP egitasmoan jasotako helburu eta neurriekin; nolanahi, datozen urte hauetarako udalerrirako egokienak izan daitezkeenak hautatu dira bertan. Udaleko Euskara Zerbitzuak osatu du, Emun Hizkuntza Zerbitzuak enpresarekin lankidetzan eta herriko hainbat erakunde, elkarte eta norbanakoen ekarpenak kontuan izanda. Orain onartu eta 2022ko abenduaren 31ra arte izango da indarrean.

ESEP plana udalerri osoan, hainbat esparrutan, euskara sustatzekoa da. Horrez gainera, kontuan izan behar da Elgoibarko Udalak indarrean duela Udal barrurako hizkuntza politika finkatzen duen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana, 2018ko uztailean onartu zena, eta hura ere 2022 arte indarrean izango dena.

Helburu nagusia: erabilera areagotzea

Plan honen helburu nagusia euskararen erabilera areagotzea da: “Hau da, euskaraz bizi nahi duen herritarrari, horretarako aukerak bermatzen dizkion neurri eta tresnak erabaki eta bultzatzea”, ESEPek berak dionez. Izan ere, dio plan estrategiko hau “une berezian” datorrela: “Udalak eta herriko euskalgintzako eragileek urte asko daramatzate euskararen erabileraren normalizazioa sustatzen. Urteotan landutakoak eta ezarritako oinarri sendoek, batetik, eta oraindik ere euskararen erabileran ikusten dugun aurrera egin ezinak, bestetik, erakusten digute jauzi garrantzitsu bat egiteko unea heldu zaigula, ezagutzatik erabilerarako jauzia hain zuzen ere”.

Hortaz, kalea eta jendartea izango da datozen urteetarako joko-zelaia. Horretan, beraz, herritarren eta herri-elkarte eta ekimenen parte-hartzea eta laguntza ezinbestekoa izango da. Izan ere, herria euskalduntzea erronka kolektiboa da eta Elgoibarren aipatzekoak dira Udalak eginkizun horretan bidelagun dituen elkarte eta taldeak: ikastetxeak, euskaltegiak, 365 talde eragilea, kirol eta kultur elkarteak… baina bereziki, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea elkartea, berarekin baititu Udalak hitzartuta hainbat ekimen eta egitasmo, urtez urte adostu eta burutzen direnak. Ezin ahaztu ezinbestekoa dela administrazioaren eta herri ekimenaren arteko elkarlana, haur eta nerabeentzako aisia hezitzaileko eskaintza osatu, eta euskara eta euskal kultura herrian sustatu nahi badira.

Plan estrategiko hau, baina, ez da ezerezetik abiatzen. Urteetan lan handia egin da hiru arlo estrategikoetan (transmisioan, erabileran eta elikaduran) eta datozen urteetan bigarrenean indar gehiago jarriko den arren, ez dugu ahaztu behar estu-estu lotuta daudela hirurak eta elkarren beharra dutela.

Hori gogoan dela, plan estrategiko honek erabileran eta kontzientziazioan egingo duen lanaz gain, ez ditu bazterrean utziko transmisioa eta elikadura. Arlo horietan eutsi egingo zaio urteotan jorratutako bideari eta azpi-arlo batzuk indartu egingo dira.