Jira bueltan cd-a

 

  • Proiektuan Elgoibar, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Eibarko 9 ikastetxetako 300 haur baino gehiagok hartu dute parte.
  • Jira Bueltan” liburuxka aisialdian erabiltzeko ere oso aproposa da, guraso zein hezitzaileentzat. Ahotsak ikasgelan web gunean eskuragarri dago.

Ahotsak.eus, proiektua ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko sortu zuen Debarroko Badihardugu euskara elkarteak. Jasotako ondare aberats hori sutondotik ikasgeletara eramateko asmoz, 2011. urtean hezkuntzako proiektua jarri zuten abian, hainbat udaletan.

2015ean, batu zen Elgoibarko Udala “ahotsak ikasgelan” proiektura, eta azken urteotan oso lanketa politak egin dira Herri Eskolan eta Ikastolan. Elgoibarren adineko batzuk ere grabatu ditu Badiharduguk, bertako kanta eta jolasak jasotzeko (bestela, adinekoen testigantza gehienak aurretik grabautakoak dira, urtez urte ahotsak.eus artxiboan jasotakoak). Eta liburuxka-DVD hau ibilbide horren emaitzetako bat da.

Debarroko lau udalen babesa izan du proiektuak: Elgoibar, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Eibar. Guztira, herri hauetako 9 ikastetxetako 300 haur baino gehiagok hartu dute parte, Haur Hezkuntzakoak zein Lehen Hezkuntzakoak. 51 kanta eta jolas landu dira guztira. Adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarritu dira kanta eta jolas horiek, gehienak Debarrokoak.

Liburuxkan, kanta eta jolasen letrak eta azalpenak datoz, diseinu koloretsuarekin eta hainbat irudirekin.

“Jira Bueltan” liburuxka-DVDa ikastetxeetan banatuko du Elgoibarko Udalak, Lehen Hezkuntzako 1. mailan, hain zuzen. Hori bai, aisialdian erabiltzeko ere oso aproposa da, guraso zein hezitzaileentzat.

Gainera, liburuxka-DVDan datozen kanta eta jolas guztiak “Ahotsak Ikasgelan” web gunean ere jarri dira herritarren eskura.