katalogoen azalak

  • Merkatuan dauden produktuen artean aukeraketa bat egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea bezalako irizpideak kontuan hartuta eta produktuak atal desberdinetan sailkatu dira.
  • Hizkuntzaren transmisioan eragin nahi da, gurasoei euren seme-alabentzat lagungarri izango diren euskarazko produktuen berri emanez.

Urtero bezala, Elgoibarko Udalaren Euskara Sailak Euskarazko Produktuen katalogoaren edizio berria banatu du Ikastolako eta Herri Eskolako ikasleen artean, modu horretan, gurasoengana ere irits dadin.

 

Urte garai honetan euskarazko liburuak, jolasak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, gurasoentzat eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat ehunka erreferentzia biltzen ditu katalogoaren aurtengo edizioak.

Merkatuan dauden produktuen artean aukeraketa bat egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea bezalako irizpideak kontuan hartuta eta produktuak atal desberdinetan sailkatu dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVDak, informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa ere egiten da.

Katalogoa.eus web guneak ia 6.000 euskarazko produktu biltzen ditu, 0-16 urteko haur eta gazteentzat

Katalogoa sarean kontsultatzeko bi aukera daude: www.katalogoa.eus web gunean edota Elgoibarko Udalaren web gunean, hain zuzen, Euskara Sailaren atalean. Papereko ediziorako aukeratutako produktuez gain, merkatuan aurki daitezkeen bestelako produktu ugari agertzen dira. Halaber, editorialetako denda on-linearekin kontaktuan jartzeko aukera dago produktuaren gainean klik eginez. Produktua euren web gunean bertan eros daiteke.

www.katalogoa.eus urte osoan berritzen doan web gunea da, argitaratu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz eta, beraz, etengabe hazten ari da jasotako erreferentzien kopurua. Dagoeneko 6.000 produktu baino gehiago biltzen ditu.

Urtero bezala, kanpaina honen bidez, hizkuntzaren transmisioan eragin nahi da, gurasoei euren seme-alabentzat lagungarri izango diren euskarazko produktuen berri emanez. Katalogoa etxean jaso ez duenak herriko liburu-dendetan, Kultur Etxean edota Gotzon Garate Udal Liburutegian jaso dezake.