Aita Agirre  plazaren planoa

  • Elgoibarko Udalak 420.220 euro bideratuko ditu hobekuntza lan hauetara. Obrak datorren urtarrilean hastea aurreikusten da eta gehienez, 3 hilabeteko iraupena izango dute.
  • Datorren astelehenetik abenduko zubira arte, Aita Agirre pareko aparkalekua itxita egongo da, eraikinean egin beharreko instalazio elektrikoak direla eta.

 

Elgoibarko Udalak atzo argitaratu zuen kontratatzailearen profilean Aita Agirre plaza berrurbanizatzeko proiektuarekin lotutako obrak martxan jartzeko lizitazio prozesuaren iragarkia. Udalak guztira 420.220 euroko inbertsioa egingo du hobekuntza lan hauek gauzatzeko. Ondo bidean, lanak urtarrilean hastea aurreikusten da eta gehienez, hiru hilabeteko iraupena izango dute.

 

Aita Agirre eraikinaren eraberritze integrala legealdiko proiektu estrategikoetako bat da, elgoibartarrak benetako protagonista izango diren espazio soziokultural berri bat sustatu eta indarberritu nahi dugu. Eta lan hauek, helburu hori lortzeko beste pauso bat da”, esan du Ane Beitia Elgoibarko alkateak.

Proiektuak Aita Agirre plazako eraikuntzek mugatzen duen espazio publikoa hobetzea du helburu, herritarren beharrizanei erantzuna emango dioten aparkaleku, bide eta espaloietara bideratutako guneak berriro zehaztuz eta egonaldi eta joko-guneak sortuz. Modu honetan, oinezkoentzako gune eta aparkalekuen arteko banaketa orekatuagoa eskaini nahi da.

Herri espazio berriaren diseinuak, bide, kale desberdinetarako sarbide eta garajeen erabilerak zein aparkaleku guneak errespetatuko ditu. Oinezkoentzako ibilbideak eta horien ibilbide naturalak lehenetsiko dira, espaloi berriak sortuz eta oraingoak zabalduz. Aita Agirreko obrak zirela eta kendutako umeentzako parkea berregiteaz gain, parke horren aurrean beste joko-gune berria sortuko da.

Aparkalekua zertxobait (10 aparkaleku inguru) murriztuko da, baina guneko kalitatea hobetuko da, argiztapena hobetuz, aisiarako guneak sortuz eta oinezkoei protagonismo handia emanez. Pedro Miguel Urruzuno kalearen hasieran plazan libre dauden aparkaleku kopurua adieraziko duen seinaleztapen sistema bat jarriko da, trafikoa ekiditeko, aparkatzeko birak ematen dituzten ibilgailuen frustrazioa eta aparkalekua bakarrik bilatzen duten ibilgailu hauek sortzen dituzten eragozpenak murrizteko.

Gainera, diseinu honek erabilera anitzeko (azoka, barraka, jai, abeltzaintza azoka…) gunea izanagatik dituen beharrizanak ere kontuan hartuko ditu. Horretarako gunean zola berria, zuhaiztia eta hiri altzariak jarriko dira eta instalazioetako sare desberdinak egokituko dira hala nola saneamendu, hornidura, argiztapen eta distribuzio elektrikoko sarea. Egun eraberritze prozesuan dagoen Aita Agirre eraikinera arte telekomunikazio lineak pasatzeko azpiegitura sortzeko aukera ere aprobetxatuko da.

Bukatzeko, gogorarazi behar da datorren astelehenik aurrera, azaroak 26, eta abenduko zubira arte, plazako parkinga itxita egongo dela eraikinean egin beharreko instalazio elektrikoak direla eta.