Skatepark berriaren inaugurazio jaia iragartzeko kartela

Sei aste inguruko lanen ondoren, Elgoibarrek badu skatepark berria Basarteko berdegunean eta behar bezala ospatzeko xedez, Elgoibarko Udalak inaugurazio jaia antolatu du larunbat honetarako, azaroak 17. Jarduna 16:00etan hasiko da eta maila handiko patinatzaileek ikuskizun aparta eskainiko dute.

Skatepark berriak, 280 metro karratu inguruko azalera duenak, bowl edo bainera bat du, 1,10 eta 1,30 metro bitarteko sakontasunarekin. Baineratik kanpo ere bestelako elementu batzuk ere ezarri dira, ibilbide eta jausi desberdinak egiteko. Elgoibarko Udalak, guztira 48.200 euro bideratu ditu gazteen artean, kirol aisiarako aukerak sustatzen dituzten instalazio hauek gauzatzeko.