Kanpainaren aurkezpena azokan

  • Azoka Plazan 10 eurotik gorako erosketa egiten dutenei zumezko otarre bana emango zaie, plastikozko poltsen gehiegizko erabilera saihesteko. Era berean, Udalak oihalezko poltsa bat banatu du udalerriko etxebizitza guztietan.
  • Honez gain, Azoka Plazaren barruan erosketetarako 10 orga jarriko dira elgoibartar guztien esku, erosketak garraiatzen laguntzeko.

Elgoibarko Udalak “ELGOIBAR BIZI-BIZIXA! 2018” izeneko kanpaina berria abiaraziko du hurrengo egunetan. Udal ekimen honen helburua, tokiko merkataritza dinamizatzea, erosketak garraitzen laguntzea eta ingurugiroaren ikuspegitik, kontsumo modelo jasangarriago bat sustatzea da.

Ane Beitia alkatearen esanetan “tokiko ekonomia jasangarri baten alde egiten duen ekimena da. Elgoibar, ingurugiroarekin eta erosketak herriko saltokietan egiteak duen garrantziarekin kontzientziatuta dagoen herri bat izatea nahi dugu, komertzioak baitira Elgoibar bizi mantentzen dutenak”.

Bestalde, Unai Arizmendiarreta Sustapen Ekonomiko eta Enplegu zinegotziak adierazi du, “gertuko komertzioa sustatzeaz gain, kanpainak plastikozko poltsen erabilera murriztea bilatzen du, dendarien zein bezeroen eguneroko praktikak hobetzeko”.

Hiru lan-ildo, hiru helburu erdiesteko

“ELGOIBAR BIZI-BIZIXA! 2018” kanpainak hiru lan-ildo ditu oinarri, hiru helburu zehatz lortzeko: tokiko komertzioa sustatzea, erosketen garraiatzea erraztea eta plastikozko poltsen erabilera murriztea:

  1. Lehenengoa lan-ildoa: Azoka Plazan dauden hiru saltoki finkoetako batean (Sara, Amaia eta Arantxa eta Marian) 10 eurotik gorako erosketa egiten duten pertsona guztiei zumezko otarre bana emango zaie, eguneroko erosketetan erabili ahal izan dezaten. Hala, tokiko kontsumoa sustatu, eta ondorioz, plastikozko poltsen gehiegizko erabilera saihestuko da.
  2. Bigarrena: azoka plazaren barruan (San Frantzisko kaleko sarrera nagusian, eskuinean) erosketetarako 10 orga jarriko dira elgoibartar guztien esku, herriko denda guztietan egiten diren erosketak garraiatzen laguntzeko. Hala, orgak erabiltzen dituztenek etxera eraman, eta egunean bertan edo biharamunean itzuli ahal izango dituzte, leku horretan bertan; premia bera duen beste pertsonaren batek beste behin ere erabili ahal izan ditzan.
  3. Hirugarrena: Udalak, oihalezko poltsa bat banatu du norbait bizi den udalerriko etxebizitza guztietan. Herritarren postontzian poltsa bana utzi da. Alde batetik, poltsa honen bidez lortu nahi dena da ingurumenarekin adeitsuagoa izatea, eta bidenabar, plastikozko poltsen gehiegizko kontsumoa saihestea. Beste alde batetik, honen helburua da udalerriko ekonomiari laguntzen jarraitzea eta elgoibartarrak Elgoibarren erostera eta kontsumitzera bultzatzea.

Guztira Elgoibarko Udalak 10.000 euro baino gehiago bideratu ditu kanpaina hau martxan jartzeko. Gogoratu beharra dago, Udalak jakin badakiela, gaur egun, tokiko komertzioa balioan jartzen jarraitzeak duen garrantzia handia dela, baita estrategia bateratuak martxan jartzeak ere. Lankidetza honen eredu dira adibidez Txankakua merkatarien elkartearekin edota Barren azoka elkartearekin urtero sinatzen diren hitzarmenak, non 13.000 euro baino gehiago bideratzen diren urte osoan jarduera desberdinak antolatzeko, tokiko komertzioa lehiakorragoa, kalitate handiagokoa eta hurbilagoa bihurtu daiten. Aipatu beharra dago ere, eremu honetan beste pauso garrantzitsu bat ari dela ematen Udala herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea garatzeko eta sendotzeko helburua duen modernizazio eta lehiakortasun planari esker. (MPB, Merkataritza Biziberritzeko Plan berezia).