euskaraalaezkara

  • Azken 10 urteotan Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak Gotzon Garateren oroimenez elkarlanean antolatutako “Euskara ala ezkara” zikloek emandakoa jaso, aztertu eta gizarteratzeko baliagarri izan daitekeen web ataria da http://www.euskaraalaezkara.eus/.

“Euskara ala Ezkara, Elgoibartik Euskal Herrira” izeneko web atari berria aurkeztu da gaur goizean Kultur Etxeko hitzaldi gelan, azken 10 urteotan Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak Gotzon Garateren oroimenez elkarlanean antolatutako zikloetan pilatu den pentsamendua(k) eta diskurtsoa(k) jaso, bildu eta gizarteratzeko baliagarri izan daitekeen web orrialdea hain zuzen ere. Aurkezpen ekitaldian izan dira besteak beste, Ane Beitia Elgoibarko alkatea, Iñaki Konde, Elgoibarko Izarra elkarteko lehendakaria, eta Gotzon Barandiaran, ataria garatu duen Dijitalidadea enpresako teknikaria.

Elgoibarko Udalak, 2009an euskara arloko ikerketa bultzatzeko, eta bide batez, Gotzon Garate idazle eta euskaralari elgoibartarra omentzeko, Gotzon Garate izeneko beka sortu zuen. Beka horren lehenengo deialdian ikerketa gaia Elgoibarko Toponimia izan zen. Bigarren deialdian, 2014an, Elgoibarko euskarazko ondarea gizarteratzea eta horren emaitza izan zen www.elgoibarreraz.eus ataria. “Oraingoan, berriz, Gotzon Garateren oroimenez antolatutako “EUSKARA ALA EZKARA” zikloek azken 10 urteotan emandakoa jaso, aztertu eta gizarteratu nahi dugu. Lan horren emaitza da web atari hau” adierazi du Ane Beitia alkateak. Udalak finantzatuta, Dijitalidadea enpresa izan da lan hori burutu duena, betiere, Elgoibarko Izarrarekin eta Udalaren Euskara Sailarekin elkarlanean.

2008an ekin zitzaion zikloak antolatzeari eta elgoibartarren euskaltasuna sustatzea izan dute helburu nagusi. Hamar urtez, udazkenean, euskarari eta euskal kulturari lotutako gaiak plazaratu dira. Urte guzti hauetan 40 gonbidatu baino gehiago izan dira hizlari, musikari, idazle, bertsolari eta abarrak kontuan hartuz, eta horiek denak gurean lagatakoa Euskal Herriaren eskuetan jartzea da atari honen helburua. Horregatik, Elgoibartik Euskal Herrira.