europeantown

  • ACES-Europeko ordezkariek positiboki baloratu dute Elgoibarko hautagaitza. Garaikurra lortzeko eskatzen diren irizpide guztiak betetzen dituela adierazi dute eta herriko kirol-planifikazioa goraipatu dute.
  • Azaroaren erdian emango da ezagutzera erabakia. Sari-banaketako gala, abenduaren hasieran ospatuko da Bruselan, Europar Parlamentuaren egoitzan.

ACES-Europe, Europako kirol hiriak izendatzen dituen erakundeko ordezkariak egun hauetan Elgoibar bisitatu dute, udalerria “2019ko Europako Kirol Hiri” izendatzeko hautagaitza ebaluatzeko.

Atzo, ebaluazio batzordea herriko kirol instalazio eta azpiegiturak ikusten aritu zen, Elgoibarrek “Europako Kirol Hiri” izateko beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituen edo ez frogatzeko. Era berean, gaur goizean, Gorka Garaizabal Kirol zinegotziak, gobernu taldeko beste kide batzuekin batera, Elgoibarko hautagaitza defendatu dute Elgoibar “2019ko Europako Kirol Hiri” izateko arrazoi nagusienak zeintzuk diren argudiatuz.

Ane Beitia Elgoibarko alkatearen esanetan, “zalantza gabe, izendapen hau sari handi bat izango litzateke guretzat, urte askotan zehar, bai Udalak, bai herriko kirol-talde eta elkarteek egindako esfortzu eta lana aitortzen duen saria izango litzateke. Guztion artean Elgoibar udalerri erreferente ari gara bihurtzen kirolari dagokionez”.

Bestalde, ACES-Europeko delegazioa osatzen duten hiru ordezkariek, Lukas Vorel, Javier Rodrigo eta Jose Manuel Lambeak, hautagaitzaren balorazio baikorra egin dute. Rodrigoren esanetan, “Elgoibarrek, erakundeak eskatzen dituen irizpide guztiak betetzen ditu eta kirol planifikazio egitarua dauka, maila guztietan, eskola kirolean, udal jardueretan.... hala ere, beste lau hautagai daude aztertu behar direnak, Jaca, Torrijoz, Vejer de la Frontera eta Cangas del Narcea, baina sentsazioak oso positiboak izan dira Elgoibarren”.

Garaikur hau Kirolaren Europako Hiriburua Elkarteak ematen du urtero. Horren bidez, kirolaren balio unibertsalak udalerrietan sustatzea du helburu eta aintzatespen honek 

kirola sustatzearen aldeko konpromisoa eta kirol eskaintza nahiz kalitatezko instalakuntzak bultzatzeko inbertsioetan egindako ahalegina nabarmentzen du. Honez gain, azpiegitura berriak sortzeko aukera ematen duen administrazio desberdinen arteko lankidetza ere goraipatzen du, baita kirolaren sustapenean eta praktikan inplikatuta dauden eragile publiko zein pribatu guztien lana.

“Europak Kirol Hiri” izendatzeak, nazioarte mailako erreputazioari bultzada baliotsua ematea suposatuko luke, Elgoibar mundu mailako kirol-sektoreko foko sozial, politiko eta instituzionalean kokatuz. Euskadin, Bilbo, Gasteiz edota Getxo bezalako udalerriek erdietsi dute garaikur hau.

ACES-Europek, azaroaren erdian emango du ezagutzera bere erabakia. Sari-banaketako gala, abenduaren hasieran ospatuko da Bruselan, Europar Parlamentuaren egoitzan.