Skatepark infografia 1
Skatepark infografia

 

  • Udalak, guztira 48.200 euro bideratuko ditu lanetara. Azarorako bukatuta egotea aurreikusten da.
  • ZUT Skatepark enpresa arduratuko da parkea eraikitzeaz. Hormigoizkoa izango da eta 280 m2 izango ditu.

Azarorako Elgoibarrek skatepark berria izango du. Bihar hasiko dira Basarteko berdegunean kokatuko den skateparkeko obrak. Asteartean bertan, zulaketa lanei ekingo zaie eta obrek, gutxi gorabehera, hilabete eta erdiko iraupena izango dute. Elgoibarko Udalak, guztira 48.200 euro bideratuko ditu lanak gauzatzeko.

Sektorean eskarmentua duen Sopelako ZUT Skateparks enpresa izan da instalazio berria diseinatu duena eta eraikitze lanetaz ere beraiek arduratuko dira. Enpresa txikia izan arren, esperientzia handikoa da, Donostiako Pagolako Skateparka adibidez, beraiek diseinatutakoa da. Frantzia, Portugal eta Estatuan zehar 60 skate pista baino gehiago egin dituzte.

Ane Beitia alkatearen esanetan, “herriko gazteen eskariei erantzun bat emateaz gain, gobernu taldeak zehaztutako helburu konkretu bat ere betetzen dugu, gazteen artean, kirol aisiarako aukerak sustatzea, kalitatezko instalazioak eskainiz”.

Hormigoizko skateparka izango da, erabilera eta denborari dagokionez iraunkorra. Dibertigarria izateaz gain, erraz ikastea sustatzen duena. Azalerak 280 m2 inguru izango ditu, bowl edo bainera bat izango du, 1,10 eta 1,30 metro bitarteko sakontasunarekin. Baineratik kanpo bestelako elementu batzuk ere ezarriko dira, ibilbide eta jausi desberdinak egiteko.

Gogoratu beharra dago, Udalak abuztuan kendu zuela Urazandiko egoera txarrean zegoen U-a. Alde batetik, egoera kaskarrean aurkitzen zelako eta bestetik, Urazandiko aparkaleku dotazioa handitzeko asmoa dagoelako. Hala, erabaki honekin, pistako erabiltzaile eta aparkalekuen arteko segurtasun arazoak ere ezabatu dira.