ahizpatasunaren kartela

Irailean, “Ahizpatasuna gure armarik onena” izango da hausnarketa taldean landuko den gaia. Elgoibarko Udalaren Berdintasun Sailak antolatutako tailerra izango da, Jabetza Eskola programaren barruan eskainiko den ekintzetako bat.

Irailaren 24an, astelehenean, 18:30ean, Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da tailerra, eta emakumeen ahalduntzearen munduan, urte askotako esperientzia duen Loredi Salegi elgoibartarra izango da hizlaria. Bertan parte hartzeko ez da izenik eman behar: gazteleraz eskainiko da, eta doakoa izango da. Hori dela eta, herriko emakume guztiei egin nahi zaie bertan parte hartzeko gonbitea.

Ahizpatasuna (gaztelaniaz, sororidad; latinezko soror hitzetik, euskaraz "ahizpa") 1970eko hamarkadatik feminismoaren baitan emakumeen aldeko elkartasun-teoriak eta praktikak izendatzeko erabili izan den terminoa da. Zehatzago, emakumeen arteko hitzarmena litzateke, helburutzat emakumeen jabekuntza duena, patriarkatuari aurre egiteko. Kate Millett estatubatuar feministak sortu zuen, emakumeen arteko ezberdintasun ekonomiko, arrazazko eta politikoak gainditu eta emakume guztiak gizarte-klasetzat hartzeko asmoarekin.