Maalako parkea

  • Lanek udalerriko 3 parke jendetsuenetako gomazko lurra aldatzean datzate: Maala, Giza Eskubideen parkea eta Santa Klara. Udal elgoibartarrak guztira 38.300€ inbertituko ditu.
  • Halaber, Elgoibarko Udalak irailean skatepark berri baten lanak hastea aurreikusten du Basarteko gune berdean.

 

Txikienen aisia eta segurtasuna bultzatzen jarraitzeko xedez, Elgoibarko Udalak datorren aste hasieran udalerriko 3 parke jendetsuenetako gomazko lurraren berritze-lanak hasiko ditu. Maala, Giza Eskubideen parke eta Santa Klara dira, zeinek bere osotasunean gutxi gorabehera 450 metro karratuko azalera daukan. Hilabete bat inguruko iraupena izango duten jarduerei uda garaian ekingo zaie, erabiltzaile kopurua nabarmenki jaisten baita.

 

Udalak guztira 38.300€ inbertituko ditu hiru parke hauetan gomazko lurra aldatzeko lanetarako. Lanak era sekuentzialean egingo dira, Maala parkean hasiz, Giza Eskubideen parkean jarraituz eta Santa Klaran amaituz. Elgoibarko alkateak, Ane Beitiak, adierazi duenez “familiak sarritan joaten diren hiru gune dira eta erabilera eta denboraren joanaren ondorioz goma jada nahiko gastatuta zegoen. Lan hauen bitartez, hortaz, instalazioen mantentze onena bilatzen dugu eta beraz, erabiltzaileen segurtasun handiagoa”.

Skatepark berria Basarten

Hiru parke hauetako aipatutako berritzeen ondoren, Elgoibarko Udalak irailean hormigoizko skatepark berri baten lanak hastea aurreikusten du Basarteko gune berdean. Egun skatepark horren diseinuan lan egiten ari da. Instalazio berriak skate egiten dutenen gozamenerako bowl zabal bat izango du, eta gainera "Street" gune txiki bat sortzeko aukera aztertzen ari dira. Honela, orain arte Urazandiko skateparka erabiltzen duten kirol honen zaleen beharrei erantzuna emango zaie. Segurtasun arrazoiengatik eta, neurri batean, Tontodromo izenez ezagutzen den pasealekuan burutzen ari diren lanak (oinezkoentzako espaloiaren zabaltzea) direla eta skatepark horretako hiru “U”ak kendu dira. Zentzu honetan gainera, espazio hori aparkaleku gisa erabiliko da, leku gehiago lortuz.