San Bartolome 2018 kartel lehiaketen irabazleak jaietako aurkezpenean
ZapiGorri, jaietako kartela
  • Jaietako programa ahalik eta parte-hartzaileena egiteko eta herritarren gustu eta interes desberdinei erantzuteko asmotan, Elgoibarko Udalak, urtearen hasieran abiarazitako prozesu parte hartzailetik jaiotako 16 proposamen bildu dira aurtengo egitarauan.
  • Aurten abuztuaren 22tik 28ra bitartean ospatuko dira. Guztira ehun ekitaldi inguru izango dira, eta horiek martxan jarri ahal izateko, Elgoibarko Udalak 209.000 euroko aurrekontua bideratuko du, iaz baino ia 45.000 euro gehiago.
  • Euren 75. urteurrena dela eta, aurten, Juan Muguerza Nazioarteko Kroseko antolatzaile eta Morkaiko Mendizale Elkarteko kideek jaiei hasiera emango dion txupina botako dute.
  • Asier Gurrutxaga izan da 2018ko kartel lehiaketaren irabazlea. Sari banaketa abuztuaren 22an izango da, arratsaldeko 19:30etan, Kultur Etxeko erakusketa gelan.

Gaur goizean Ane Betia, Elgoibarko Alkateak, Andrea Arriola, Udaleko Kultura zinegotziak eta Blanca Salegi teknikariak, 2018ko San Bartolome jaietako egitaraua aurkeztu dute, beste behin gustu eta adin guztiei zuzendutako ekintzak biltzen dituena. Aurten, ofizialki jaiak abuztuaren 22an hasiko dira eta 28ra arte luzatuko dira.

Guztira ehun ekitaldi inguru izango dira, eta horiek martxan jarri ahal izateko, Elgoibarko Udalak 209.000 euroko aurrekontua bideratuko du, iaz baino ia 45.000 euro gehiago. Bultzada ekonomiko honi esker, maila handiko ikuskizun eszeniko eta musikal ugari antolatu dira, nabarmentzakoak dira, besteak beste, Serafin Zubiri "En Esencia" orkestrarekin abuztuaren 23an (23:00etan Kalegoen plazan), Gatibu, 

ostiralean, hilak 24 (23:15ean Kalegoen plazan) eta Nogen eta Hesian taldeak azkeneko egunean, asteartea, hilak 28 (23:00etan Maalako parkean). Halaber, Mariatxi talde batek “Sonidos de México” izeneko emanaldia eskainiko du 25ean 23:00etan eta abuztuaren 26an, 22:30etan disko festa ospatuko da Oihan Vega DJren eskutik. Bi jardunak Kalegoen plazan izango dira.

Kontzertuez gain, Elgoibarko Udalak esfortzu berezia egin du bestelako ekintzak antolatzeko, hala nola ikuskizun eszenikoak eta jada ohikoak diren San Bartolome jaietako betiko hitzorduak. Nabarmentzekoak dira, beste batzuen artean: erraldoi, buruhandi eta zezen-zikleten kalejirak, haurren parkeak, txarangak, soka dantza, esku pilota partidak (lehenengo aldiz, pilota txapelketa profesionala egingo da), salda eta txorizo banaketa, goitibeheren jaitsiera, dantza eta txistu emanaldiak, txapelketak, gazta eta sagardo lehiaketak, bertso saioak, jubilatuen bazkaria eta nola ez, ohikoak diren sokamuturrak.

Ane Beitia alkateak baieztatu du “urtero bezala, adin eta pertsona guztiei zuzendutako ekintza ugari izango ditugu; den-denok, nagusi eta gazte, herritar eta kanpotar, gizon eta andre, egun hauetan, ahalik eta hobekien pasatu ahal izan dezagun. Sanbartolomeak errespetuz, bakean, segurtasunez eta arduraz gozatu nahi ditugu”. Halaber, eskerrak eman nahi izan die “egun bikain hauetaz gozatzeko aukera ematen diguten udal langile, elkarte, talde eta norbanako guztiak; izan ere, haien lanari eta laguntzari esker izango dugu guztiok herriko jaiez gozatzeko aukera”.

Azkenik, guztion parte hartzea eta laguntza eskertuz, Ane Beitiak, elgoibartar guztiak animatu nahi ditu jai giroan murgiltzera eta bide batez, ongietorria eman “inguruko herrietatik eta urrutiagoko lekuetatik gure artera, egun zoriontsu batzuk igarotzera, hurbilduko diren guztiei. Beraz, Elgoibarko Udala osatzen dugun guztion izenean jai zoriontsuak opa dizkizuet”.

Txupina, Juan Muguerza Nazioarteko Kroseko antolatzaile eta Morkaiko Mendizale Elkartearen eskutik

Euren 75. urteurrena dela eta, aurten, Juan Muguerza Nazioarteko Kroseko antolatzaile eta Morkaiko Mendizale Elkarteko kideek jaiei hasiera emango dion txupina botako dute. Jada ohikoa den bezala Udaletxeko balkoitik botako da abuztuaren 23an 13:00etan. Txupinazoa eta kanpai jotzearen ondoren, Mauxitxa txarangak, Kalebarren plazatik irtengo den kalejira hasiko du, jai-egunei hasiera emanez. Abuztuaren 24an San Bartolome egun Nagusia ospatuko da. Abuztuaren 25ean Baserritarren Eguna, 26a Jubilatuen eta Umeen Eguna izango da. Bestalde, abuztuaren 27an Txiki Eguna ospatuko da eta bukatzeko, astelehenean, hilak 28, Gazteen Eguna.

Elgoibartar guztien artean sortutako programa

San Bartolome jaietako programa ahalik eta parte-hartzaileena egiteko eta herritarren gustu eta interes desberdinei erantzuteko asmotan, Elgoibarko Udalak, urtearen hasieran prozesu parte-hartzaile bat abiarazi zuen herritarrek euren iradokizun, proposamen eta ideiak egin zitzaten 2018ko jaietako programa diseinatzeko. Zentzu honetan, guztira, ehun proposamen bildu ziren eta hauetatik 16 egin dira. Horrela, 2018ko programak hainbat ekimen berri izango ditu egunero.

Hasteko, asteazkenean, abuztuak 22, 19:00etan iaz jaiotako umeei ongi-etorria egingo zaie, Kultur Etxeko erakusketa gelan.

Bestalde, 23an, osteguna, “San Bartolome bezperan” 12:30ak aldera, Kalegoen Plazan soka-dantzaren antzekoa den Larrain-Dantza herrikoiaren erakusketa bat egingo da, zirkulu batean eta bikoteka, plazen inguruan dantzatzen dena. Erraldoi, buruhandi eta zezen- zikleten kalejiraren ostean, Kalebarren plazatik irtengo den Mauxitxa txarangaren kalejira hasiko da. Jardunaldia Serafin Zubiriren kontzertuarekin eta En Esenzia orkestrarekin amaituko da Kalegoen plazan.

Jasotako proposamen guztietatik, 3, Egun Nagusian egingo dira, ostirala 24an. 19:00etanRojo estándar” ikuskizuna izango da, Kalebarren plazan (euria bada, Maalan) Lanordikaren eskutik. 23:00etan su, argi eta musika ikuskizuna egongo da Udaletxean eta 23:15etan Gatiburen kontzertua, Kalegoen plazan.

Larunbatean, abuztuak 25, zirkua eta mariatxi talde bat eguneko protagonistak izango dira. 18:30etan Xarivari Blues Zirkoa, Kalebarren plazan (euria bada, Maalan) egingo da. 19:30etan, mariatxien kalejira hasiko da eta 23:00etan, Kalegoen Plazan "Mexikoko soinuak" izeneko ikuskizuna eskainiko dute.

Igandean, abuztuak 26an, haurrak izango dira protagonista nagusiak. Izan ere, 14:00etan, haurrentzako bazkari herrikoia egingo da, Elizako arkupeetan eta jarraian, Txiki Txef ekintza hasiko da Kalegoen plazan, bertan, parte-hartzaileek taloak, gailetak, frutaren brotxetak txokolatearekin, txokolatezko piruletak eta gozoki tartak egiten ikasiko dute. Gauean, 22:30etan Oihan Vega DJak Kalegoen plaza musikaz beteko du Disko Festa baten bidez.

Txikienek ere jolas berriekin gozatu ahal izango dute. Kasu honetan, Udalak, astelehenerako, abuztuak 27, umeentzako herri kirolak antolatu ditu 18:30etatik aurrera Aita Agirre plazan: lastoa, txingak, harria, lokotxak, kontrabandista karrera, soka-tira, trontza… Jarraian, 20:00ak aldera, Kalegoen plazan Rockboxa hasiko da.

Azkenik, Gazteen Eguna ere berritasunekin dator. Hilaren 28an, asteartea, 12:00etan ospatuko den Goitibehera jaitsiera tradizionalak, aurten Drift trike izeneko kategoria berria izango du, inertzia-kirola praktikatzeko erabiltzen den etzandako trizikloa, alegia. Halaber, arratsaldean zehar bi ekintza berri egingo dira Kalegoen plazan: 18:00etatik 19:00etara Dirt Jump eta Trialsineko Funbox factorya eta 19:30etan Brincadeira Percusion taldearen kalejira.

Oraindik ere, berritasun gehiago

Aipatutako berrikuntza eta jada ohikoak diren jarduerez gain, Elgoibarko Udalak, adin guztiei zuzendutako bestelako ekintzak ere antolatu ditu. Hilaren 28an, osteguna, “San Bartolome bezperan” Olasoko San Bartolome antzinako elizara bisita gidatua egingo da. Ekintza Pello Arrieta eta Javier Elorza historialariek gidatuko dute, 10:00etan hasiko da eta bi orduko iraupena izango du. Era berean, eta lehengo aldiz, Euskal Limousin Ganaduaren Lehiaketa bi egunetan zehar egingo da. Hain zuzen ere, abuztuaren 25 eta 26an, Sigma probalekuan.

Asier Gurrutxaga, 2018ko kartel lehiaketaren irabazlea

Elgoibarko Udalak, Kultura Sailaren bitartez antolatutako 2018ko San Bartolome Jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketak baditu dagozkion irabazleak. Helduen atalean 19 lan aurkeztu dira eta Asier Gurrutxaga Zubiaurrek “Zapigorri” izenekoarekin, irabazi du 700 euroko saria. Halaber, haurrentzako lehiaketan, 11 kartel aurkeztu dira eta honakoak izan dira sarituak:

  • Irati Uzkudun Cabezudo (13 urte): “Korrika Elgoibarren”
  • Nahia Baskaran Beristain (10 urte): “Iepa iepa!”
  • Elaia Etxaniz Irureta (9 urte): “Ondo hasi ditugu festak!!! ”
  • Irati Iranzo Gonzalez (7 urte): “Zezen txikiekin jolasean”
  • Ekain Soto Bereziartua (7 urte): “Zezenen aurrean ibiltzeko eguna”
  • Ibon Baskaran Beristain (6 urte): “Monster giganteak”

Sari banaketa abuztuaren 22an izango da, 19:30ean Kultur Etxeko erakusketa gelan. Epaimahaia honakoek osatu dute: Ane Beitia, Elgoibarko Udaleko alkatea; Andrea Arriola, Elgoibarko Udaleko Kultura Batzordeburua; Jokin Martinez, Ongarri Argazki Taldeko kidea; Gemma Monreal, margolaria; Paula Heras; Egur Arte Tailerreko kidea eta Blanca Salegi, Elgoibarko Udaleko kultura teknikaria, idazkari lanak egin eta akta jaso du.