indarkeriaprebentzio

  • Udalak eta Herri Eskolak, Institutuak, Ikastolak eta IMHk emakumeen kontrako indarkeria matxistaren prebentzio programen hitzarmenak sinatu dituzte 2017-2018 ikasturtean hainbat proiektu eta egitasmo finantzatzeko.

 

Elgoibarko Udalak emakumeen kontrako indarkeria matxistaren prebentzio programen hitzarmenak sinatu zituen ostiralean, ekainaren 15ean, herriko eskolekin. Guztira, 13.306 euroko diru-laguntza emango die Udalak ikastetxeei, 2017-2018 ikasturtean hainbat proiektu eta egitasmo finantzatzeko.

 

Ekitaldian Ane Beitia, Elgoibarko Udaleko alkatea; Sebas Larrañaga, Elgoibar Ikastolako zuzendariordea; Raquel Aguirre, Herri Eskolako zuzendaria; Iñaki Odriozola, BH Institutuko zuzendaria eta Ixaka Egurbide, IMHko zuzendaria izan ziren. Ane Beitia, Elgoibarko Udaleko alkatearen esanetan “proiektu hau ikastetxeen arteko elkarlanean oinarritzen da, eta Elgoibarko ikasleen artean, “tratuonen” kultura sortzeko eta mota guztietako indarkeria matxistak arbuiatzeko helburua du. Hainbat ikastetxetan, 6 urte baino gehiago daramatzate proiektu hau garatzen; eta beste batzuetan, berriz, orain hasi dira txertatzen.

Diru-laguntza hau Elgoibarko Udaleko Berdintasun sailetik bideratu da, betiere, Herri Eskola,Institutu, Ikastola eta IMHrekin adostutako hitzarmenak garatzeko.