Herritarren Arreta Zerbitzu berria
Herritarren Arreta Zerbitzu berria
  • Santa Ana kalean kokatua, HAZ berriak ordutegi zabalagoa du eta kutxazain automatiko bat ere badu, udal tramiteak arintzeko helburuarekin. Herritarrentzako “txoko” bat ere erraztu da.

Elgoibarrek gaur pauso garrantzitsu bat eman du udaleko zerbitzuen eskuragarritasuna bermatzeko eta herritarren arteko hartu-emana gero eta estuagoa izan daiten. Elgoibarko Udalak Herritarren Arreta Zerbitzu berria inauguratu du gaur goizean. Espazio eraberritu honi esker herritarrek formalizatu beharreko kudeaketa eta izapide guztiak toki bakar batean zentralizatu ahal izango dira. Ildo horretan, elgoibartarrek, udal izapide administratiboak era azkar, eraginkor, garden eta errazean egin ahal dituzte dagoeneko.

Ane Beitia alkatea, udaleko beste ordezkari politikoekin eguerdian bertaratu da eta bere esanetan, “udalak esfortzu handia egin du eta ari da egiten oraindik Herritarren Arreta Zerbitzu integralaren proiektu hau martxan jartzeko, udal izapide administratiboak era azkar, eraginkor, garden eta errazean egin ahal izateko. Eta era berean, elgoibartarrei eskaintzen zaien arreta zerbitzua eta baliabideak optimizatzeko eta oro har, herritarren eta udalaren arteko zerbitzuak hobetzen jarraitzeko lanetan buru-belarri jarraituko dugu”. 

 

Herritarren Arreta Zerbitzu berria
Herritarren Arreta Zerbitzu berria


Behin betiko Santa Ana kalean kokatutako eraberritutako HAZak harrera ordutegia zabalduko du. Gauzak horrela, ordutegi berria honakoa izango da: astelehenetik ostiralera 07:30etatik 15:30etara. Orain arte Udaletxeko arreta zerbitzuan egiten ziren kudeaketak, zein Kontu-hartzailetza sailean burutzen ziren tramitazioak, modu integral batean eta gune bakarrean kudeatuko dira. Bertan, honako zerbitzuak eskainiko dira:

  • Biztanleen errolda: altak, bajak, aldaketak
  • Baimenak eta lizentziak: obrak, etab.
  • Gizarte zerbitzuak: informazio orokorra, dokumentazioa jasotzea
  • Diru-laguntzak: kultura, euskara, gazteria, hirigintza
  • Areto, espazio publiko, instalazio eta material eskaera eta erreserba.
  • Zine eta ikuskizun eszenikoen bonuak eskuratzea.
  • Ikasle, irakasle, gazte eta aterpekide txartelak tramitatzea.
  • Ordainagiriak helbideratzea.
  • Hondakinak biltzeko sistema: txartelak galtzea, poltsak, aldaketak.
  • Izen-emateak: ikastaroak, udal ludotekan.
  • Udalarekin egin beharreko edozein izapideri buruzko informazioa eta kudeaketa. 

Udal tramiteak errazteko kutxazain automatiko berria

Halaber, Elgoibarko Udalak udal tramiteak errazteko kutxazain automatiko berria abiarazi du. HAZaren instalakuntza berriek astelehenetik ostiralera 07:30etatik 20:00etara martxan egongo den kutxazain automatiko berria izango dute. “Herritar-kutxazaina” izenarekin ere ezagutzen dena, etorkizunean zerbitzu gehiago eskaintzeko prest dago, baina momentuz, honakoekin hasiko da:

  • Errolda: errolda ziurtagiriak banakakoak eta historikoak.
  • Ordainagiriak: ordainketa, kreditu txartelaren bidez. Nire ordainagiriak ikusi eta egiaztagiriak inprimatu, ordaindu gabeko ordainagiriak ikusi eta nahi izanez gero, ordaindu.

Aipatzekoa da ere, instalakuntza berriek herritarrentzako “txoko” bat dutela. Bertan, Interneterako konexioa duen ordenagailu bat dago, elgoibartarrek modu telematikoan euren kontsultak egin edota bestelako tramiteak kudeatu dezaten, bai Udalarekin, baita beste administrazio publikoekin erlazionatutakoak ere. Halaber, espazio berri honek umeentzako txoko bat ere badu, nagusiek kudeaketak egiten dituzten bitartean entretenitu daitezen.

Herritarren Arreta Zerbitzua

Aurrez aurre, telefonoz eta telematikoki, interbentzio tekniko espezializatua (informazioa, tramitazioa eta kudeaketa) behar ez duten udal zerbitzu gehienak, herritarrei modu integralean eskainiko zaien erreferentziazko udal zerbitzua da. Sarbidea, komunikazioa eta administrazioarekiko erlazioa errazteko, zerbitzu publikorako orientazioa eta bokazioa izateko dago diseinatuta eta sortuta bulegoa eta zerbitzua.

Herritarren Arreta Zerbitzu berria
Txikien espazioa