• "Etxeanbizi" aurkezpenaren gonbidapena
  • "Etxean bizi", mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei zuzendutako programa pilotua da, beren etxeetan bizitzen jarrai dezaten eta bizi-kalitatea hobetuz.
  • Ostiral honetan, martxoak 23, arratsaldeko 19:00etan, Musika Eskolako auditorioan, programaren aurkezpen publikoa egingo da, Ane Beitia Elgoibarko alkatearen, Maite Peña Gizarte Politika Diputatuaren, Mayte Sancho Matia Fundazioko Planifikazio zuzendariaren parte hartzearekin besteak beste.

"Etxean bizi" foru programa pilotua martxan jarri duen Gipuzkoako lehen udalerria da. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuko ekimena da,
mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei zuzendua, beren etxeetan bizitzen jarrai dezaten. Horretarako, osasun eta gizarte arloko arreta integratua bermatzen da, erabiltzaileen nahiz haiek zaintzeaz arduratzen direnen behar eta lehentasunen araberakoa.

"Etxean bizi" programaren helburu nagusia, mendekotasun egoeran dauden eta ingurune familiar eta komunitarioan bizi diren adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzea da, alegia, laguntza behar dugunean ere etxean bizitzen jarraitu ahal izatea. Zentzu honetan, Ane Beitia Elgoibarko alkateak, administrazioek zein gizarteak berak duen papera eta erantzukizuna azpimarratu nahi izan ditu, "kudeatzaile funtzioa udal zerbitzuetako gizarte langileek beteko badute ere, arreta integral bat emateko proposamen baten aurrean gaude, beraz, asko gara laguntza eta arreta honetan inplikatuta eta zeresana daukagun agenteak: administrazioak, familiak, gizarte eta osasun zerbitzuak, etxeko zaintzaileak, merkatariak, elkarteak... beraien bizi-kalitatean eragina izan dezaketen eragile guztiak.Farmaziak, ileapaindegiak, podologoak Gure nagusien ongizatea, guztion ardura da".

"Etxean bizi", Udal Gizarte Zerbitzuen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, hirugarren sektoreko eragileen laguntzarekin eta Matia Fundazioaren laguntza teknikoarekin gauzatzen ari den programa da. Horretarako, ikerketa-ekintza bat diseinatu da, eredu desberdinen eraginkortasunari buruzko informazioarekin. Esperientzia hau Elgoibarren abiarazi da, eta lehenengo urratsak ematen ari da Pasaian eta Errenterian.

Aurkezpen publikoa: ostiralean, arratsaldeko 19:00etan Musika Eskolan

Ostiral honetan, martxoak 23, arratsaldeko 19:00etan, Musika Eskolako auditorioan, programaren aurkezpen publikoa egingo da. Besteak beste, Ane Beitia Elgoibarko alkateak, Maite Peña Gizarte Politika Diputatuak, Mayte Sancho Matia Fundazioko Planifikazio zuzendariak eta udaleko Ongizate Zerbitzuko saileko teknikariek, "Etxean bizi" programaren nondik norakoak azalduko dituzte, anbiziodun proiektu hau bertatik bertara ezagutzeko.

Elgoibarren 2.500 pertsona inguruk 65 urte edo gehiago dituzte

Egun Elgoibarren, 11.492 biztanle bizi dira. Horietatik %22ak, alegia 2.532 elgoibartarrek, 65 urte edo gehiago dituzte. 80 urte edo gehiago dituzten bizilagunen datuei erreparatuz, zifra 924 pertsonetara jaisten da, alegia, biztanleria osoaren %8a.

Gaur egun, 80 urtetik gorakoak 50.000 baino gehiago dira Gipuzkoan (EUSTAT), 2000. urtean zirenen bikoitza. Eta 2026an 58.000 izango dira; hau da, gaur baino 8.000 gehiago. Eta 2031n 68.000 izango dira; hau da, gaur baino % 36 gehiago. Horietatik guztietatik, 25.800 mendekotasuna duten adinekoak izango lirateke, gaur egun baino %49 gehiago, bizi itxaropena handitzen ari baita.

Datu guzti hauek mahai gainean izanda, Elgoibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, beharrezkotzat jotzen dute adineko pertsonei beren etxeetan kalitatezko arreta emateko aukera ematen duten zerbitzuak sustatzea eta indartzea, beren etxeetan ahalik eta denbora gehien jarrai dezaten.