Gabon Zaharreko FEriaren aurkezpena Udaletxean

  • Elgoibarko erdigunean zehar garatuko diren hainbat jarduera antolatu dira. Guztira, ehun saltokitik gora jarriko dira bertako produktuak erakutsi eta saltzeko.
  • Aurreko edizioetan bezala, gaztagilerik onenak izango dira Elgoibarren, nor baino nor, 2017ko gazta onenaren saria eskuratzeko helburuarekin.
  • Egitaraua (PDF)

Aurten ere, Elgoibarrek Gabon Zaharretako nekazaritza eta abeltzaintza feria tradizionalaren edizio berri bat ospatuko du urteko azken larunbatean, abenduak 30.

Ohikoa den bezala, Elgoibarko erdigunean zehar garatuko diren hainbat jarduera antolatu dira. Elgoibarko Alkate den Ane Beitiak, kultura zinegotzi Andrea Arriolak, landa arloko zinegotzi arduradun Joseba Arrizabalagak, Kalamua Elkarteko Juan José Galdós eta kultura teknikari Blanca Salegik, feria eguneko egitaraua aurkeztu dute gaur eguerdian Elgoibarko Udaletxean izandako prentsaurrekoan. Guztira, ehun saltokitik gora jarriko dira bertako produktuak erakutsi eta saltzeko.

Gabon Zahar feria goizeko 8:30etatik aurrera jarriko da martxan era guztietako ekintzekin, nabarmentzekoak dira, besteak beste, erakusketak, lehiaketak eta produktu ugariren salmenta: barazkiak, frutak, gazta, eztia eta landareak, beste batzuen artean. Izan ere, Ane Beitia Alkatearen esanetan “asko eta asko izango dira egun horretan, urtez urte anitzagoak eta landuagoak diren produktuak eskaintzeko asmotan, gure artera etorriko diren ekoizleak”.

Baserritarrek Kalegoen plazan jarriko diren saltokietan norberak landatutako barazki eta frutak erakutsiko dituzte. 9:00ak aldera, epaimahaiak erakusketa bisitatuko du eta erabakia jaso ondoren, 10:30ean, salmenta hasiko da. Sariak emateko orduan, honako baldintza hauek hartuko dira kontuan: salgaien kalitatea, mota ezberdinetako salgaiak erakutsi eta saltzea, mota bakoitzeko aldaera edo barietate desberdinak erakutsi eta saltzea. Halaber, 400 euroko sari bat emango zaio mendiak hobekien zaintzen dituen baserriko jabeari.

Feria eguna girotzeko, Baltzola Anaiak trikitilariak izango dira, Elgoibarko Kale Kantariak taldeak bestalde euskal abesti herrikoiak eskainiko ditu eta Kalegoen Plazan, I.Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatuta, erromeria bat ere izango da. 

Bolatokiko parkera, Lekueder eta Kalebarren plazara hurbiltzen direnek, hainbat abereren erakusketaz gozatu ahal izango dute. Animalia espezie desberdinak ikusi ahal izango dituzte, hala nola, astoak, ahuntzak, ardiak, poniak, pottokak, txerriak edo behiak.

Azpimarratu beharra dago ere, feria egunean, parrillan erretako Eusko Labeldun haragi pintxoak dastatzeko aukera izango dala. Taloa jateko saltokiak ere ez dira faltako.  Gogoratzekoa da ere egun honetan, parrokiako Jaiotza mekanikoa egun guztian zehar ikusi ahal izango dela.

Aipatzekoak dira baita, alde batetik, Artaldek antolatuta, Maalako parkean, 10:00etatik 14:30etara ospatuko den artisauen erakustaldia eta salmenta, eta bestetik, Aita Agirre plazan, 11:00etatik 14:30etara egingo den falkoneria erakustaldia.

2017ko Gazta Lehiaketa

Gazta Lehiaketa Gabon Zahar feriako ekimenik esanguratsuenetarikoa da. Aurten ere, gaztagilerik onenak izango dira Elgoibarren, nor baino nor, 2016ko gazta onenaren saria eskuratzeko helburuarekin.

Aurtengo gazta txapelduna aukeratzeko lehiaketa, Kalamua Elkarteak antolatuta, 12:00etatik aurrera jarriko da martxan Udaletxean, Ziarda, Mañukorta  eta Meabebasterretxea bertsolarien partaidetzarekin. 13:30etan, Udaletxeko Areto Nagusian, fruta, barazki eta gazta lehiaketaren sari banaketari ekingo zaio. Gazta Txapelketako irabazleak, 1.500 euroko saria, txapela eta garaikurra eskuratuko ditu.

Iaz bezala, Gazta Txapelketa zuzenean jarraitzeko asmoa duten pertsonek, Elgoibarko Udalaren Youtubeko kanalan, streaming bidez, ikusteko aukera izango dute, 12:00etatik 14:00etara.

Ane Beitia Alkatearen esanetan, Elgoibarrentzat egun berezia da oso, izan ere, “herriko plaza eta bazter guztiak kolorez eta musikaz beteko dira” eta hori horrela izango den itxaropenarekin “elgoibartar guztiak, baita inguruetako herritarrak ere gonbidatu nahi ditut. Feria honetako giro ezin hobeaz gozatu eta gure produktuak kontsumitu ditzazuen dei egiten dizuet”.