Elgoibarko etxebizitzak

  • Ikerketa honekin, Udalak Elgoibarren dauden etxebizitza hutsen kopurua kuantifikatuko du eta jabeekin, gaur egun alokairu zein salmentarako dauden aukera desberdinen inguruko balorazio prozesu bat abiaraziko du.

Elgoibarko Udalak udalerrian dauden etxebizitza hutsak zehazki ezagutzeko ikerketa bat abiarazi du aste honetan. Udalak guztira 14.900 euro (BEZa kanpo) bideratuko ditu ekimenera eta Ikertalde Aholkularitza Taldea izango da analisia egiteko ardura izango duen enpresa.

Udalerriko biztanleentzat etxebizitzak eta bere sarbiderako ekimen pribatu edo/eta publikoek duten garrantzia jakinda, ikerketa hau bereizitako bi helburukin aurkezten da.

  • Alde batetik, Elgoibarko udalerrian dauden etxebizitza hutsen kopurua kuantifikatzea.
  • Eta bestetik, etxebizitza huts horien jabeekin, gaur egun udalerrian dauden etxebizitza beharrei erantzuna emateko laguntzen duten ekimen desberdinen abiaraztea baloratzea.

Ikerketa esan bezala, Ikertalde enpresak egingo du, eta beraz, bertako langileak, udalerrian hutsik dauden etxebizitzen ezaugarri nagusiak ezagutzeko, etxebizitzen jabeekin edota arduradunekin harremanetan jarriko dira lehenbailehen, galdeketa labur bati erantzuna emateko.

Ane Beitia Elgoibarko alkatearen esanetan, “ekimen honen bitartez Elgoibarko etxebizitza parkearen erabileraren inguruko estatistika eta datu eguneratuak izango ditugu, argazki edota diagnosi zehatz bat egingo dugu. Hala, ikerketa honen bitartez, potentzialki hutsik dauden etxebizitzak identifikatu eta kuantifikatu ahal izango ditugu”.

Bestalde, Iosu Arraiz Hirigintza zinegotziaren arabera, “analisia egiteko erabiliko diren inkestei esker, etxebizitzen karakterizazioa, egoera eta hurrengo urteetan alokairu zein salmenta merkatuan jartzeko beharrak definituko dira. Laburbilduz, ikerketak etorkizun baten, instituzio desberdinekin koordinazioan hartu beharko diren erabakietarako oinarri edo herraminta gisa erabiltzeko balio izango du”.

Inkestatzaileek ikerketa egiazkoa dela frogatzen duen gutun bat eramango dute, eta etxebizitzatan utzi ahalko dute edota bestela, azalpen bat eskainiko dute auzotarrek hala eskatzen baldin badute. Gutun honetan, doako telefono zenbaki bat erraztuko da (900 101 124) non Ikertalde enpresako aholkulari batek auzotarrek izan ditzaketen zalantzak argitu eta ikerketaren inguruko beharrezko informazioa eskainiko den. Era berean, aholkulari honek, proiektuan zehar gerta litezkeen intzidentzia edota bestelako oharren inguruko informazioa helaraziko die udal arduradunei.