Iaz biltutako elikagaiak

Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Gizarteratze Mahaia osatzen duten elkarte eta erakundeek, herritarrak bultzatu nahi dituzte, abenduaren 1 eta 2an, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak egingo duen Elikagai Bilketa Erraldoian parte har dezaten.

Hala, txandak antolatuko dira, bai ostiralean, bai larunbatean, 9:00etatik 21:30etara arteko ordutegi etengabea betetzeko. Txanda egiteko ordutegiak eta saltokiak boluntario kopuruaren arabera antolatuko dira.

Elgoibarren, Elikagaien Bankuari boluntario lanak egiten lagundu nahi dioten pertsonek ahalik eta azkarren eman beharko diote horren berri Elgoibarko Udalaren Gizarte Ongizate Sailari (Kalegoen 6, behea). Horretarako, Ongizate Sailera bertaratu edo 943.74.10.08 telefono zenbakira deitu beharko dute; erakunde hori baita Elgoibarko hitzordua koordinatu eta kudeatuko duena.

Boluntarioen laguntza ezinbestekoa da; izan ere kanpainaren arrakasta hertsiki lotuta dago saltoki eta ordutegi guztiei aurre egin ahal izateko behar diren boluntarioen kopuruarekin. Horretaz gain, pertsonen prestutasunak kanpainaren gestioa erraztuko du.

OHARRAK:

1.- Boluntarioen eginbeharrak: Txaleko bereizgarriak jantzita, merkataritza-gunean sartzen direnei bonu bat emango diete dohaintza egiteko, edo bestela, poltsa bat eskaini eta poltsa janariarekin bueltatzera gonbidatuko dituzte. Ondoren, poltsak jaso eta dohaintzan emandakoa propio prestatutako enbalajeetan jarriko dute.

2.- Elgoibarren, 2014 urtetik hona, adingabeekin batera parte har daiteke elikagaien bilketan, betiere, pertsona horiek balioetan hezteko helburuarekin.

3.- Adingabeek parte hartu ahal izan dezaten, ezinbestean, pertsona heldu baten ardurapean egon beharko dute. Nolanahi ere, neska-mutikoak boluntario gisa izena eman beharko dute, gainerako boluntarioei bezala, asegurua egin diezaieten.

Datu batzuk:

  • Elgoibarren jasotzen diren elikagaiak Gipuzkoako Elikagai Bankuak Bergaran duen egoitzara eramango dira. Bertatik, gure zonaldean behar duten familien artean banatuko da bildutakoa.
  • Elikagai Bankura jotzen duten familien kopuruak goranzko joera du. Urtetik urtera pertsona gehiagorengan iristeko beharra dago.
    • 2013an 6.565 Kg elikagai bildu ziren.
    • 2014an 9.980 Kg elikagai bildu ziren.
    • 2015ean 16.550 Kg elikagai bildu ziren.
    • 2016an 12.524 Kg elikagai bildu ziren eta 2.583€ bonotan.