Elgoibarko udaletxea

  • Azken lau urteetako ordenantza fiskalak izoztu ostean, Gobernu taldeak abuztuko Kontsumorako Prezioen Indizea hartu du oinarritzat, %1,8ko igotzea proposatuz.
  • Azken osoko bilkuran hartutako erabakiak eta horretarako landu diren espedienteak jendaurrean jarri dira abenduaren 15era arte.
  • Presio fiskalari dagokionez, Elgoibarko Udala posizio onean aurkitzen da lurraldeko beste udalekin konparatuta. Elgoibarren 546 euro biltzen dira biztanleko eta antzeko udalen batez bestekoa 607 eurokoa da.

Elgoibarko 2018rako ordenantza fiskalen inguruko informazio guztia dagoeneko jendaurrean azaldu da iragarki-taulan eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Hala, interesdunek abenduaren 15era arte, azken osoko bilkuran hartutako erabakiak eta horretarako landu diren espedienteak kontsultatzeko aukera dute. Informazio honen epea amaitu ondoren, kexarik edo oharrik gabe, hartutako erabakiak behin betikoak izango dira, akordio berrien beharrik gabe.

Urtero moduan, Elgoibarko Udalak tasa, kuota, tarifa eta ordenantza fiskalen aldaketa orokor bat proposatu du eta horretarako Kontsumorako Prezioen Indizea hartu du oinarritzat. Euskadiko KPIa abuztuan %1,8a izan da. Esan beharra dago, hazkunde hori ez dela puntuala izan abuztuan bakarrik. Iraileko KPI %1,9 izan da. Beraz, goranzko norabidean. Gauzak horrela, eta betiko irizpideari jarraituz, Gobernu taldearen proposamena, 2018ra begira, ordenantza fiskalak %1,8 igotzea izan da Gogoratu beharra dago, azkeneko lau urteetan Elgoibarko ordenantza fiskalak izoztuak egon direla. KPIaren bilakaera oso bajua, eta batzuetan negatiboa, izan delako urte horietan. 2016an %0,0 izan zen, 2015ean -%0,3 eta 2014an %0,2. Errealitate hau ekonomiaren bilakaeraren islada zen.

Ane Beitia, Elgoibarko alkatearen esanetan “badirudi hasiak garela hazkunderik gabeko urteetatik irtetzen. Baina euforian erori gabe, baliabide publikoak erantzukizunez eta zuhurtziaz kudeatzen jarraitu behar dugu. Hau dena ikusita, Elgoibarko ordenantza fiskalek ere joera horri heltzen diote. Baita paraleloki prestatzen dihardugun aurrekontuek ere”.

Bestalde Bittori Zabala, Elgoibarko Udaleko Ogasun Zinegotziaren esanetan, “Elgoibarko Udalaren egoera ekonomiko-finantzarioa osasuntsua da. Horrek ahalbidetu du zergadunek igoera nabarmenik ez pairatu izana azkeneko urteetan. Hala ere, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, elgoibartarren bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko hurrengo urteetan baliabideak handitu beharra izango dugu eta egoera jasangarri batetik abiatzea gauza ona da”.

Salbuespenak ordenantza fiskalen eguneratzea onartzerako prozeduran:

  • Aipagarriena Zaborraren tasa da. Aurten zabor tasaren hazkundea KPIren azpitik geratuko da, %1,15 hain zuzen ere. Hazkunde hori nahikoa izango da Elgoibarko Udalak Debabarreneko Mankomunitateari, jasotako zerbitzuengatik ordaindu behar dion kopuruari aurre egiteko.
  • Kirol Patronatuaren tasei dagokienez, beste urte batzuetan ez bezala,oraingoan KPI igotzea proposatu da kontzeptu guztietan. 2018ko aurrekontuetan Elgoibarko Udalak Kirol Patronatuari egingo dion ekarpena KPIren arabera igotzea proposatu da. Horrek ahalbideratuko du orain onartzen ari garen ordenantza fiskaletan kirol tasak KPIren gainetik ez igotzea.
  • Beste nobedade bat, aurreko urteetan familia ugarientzako fiskalitate hobeagoa txertatu izan dugu, IBIan, Ibilgailuen gaineko zergan eta Gazteria Sailaren jardueretan ludoteka…). Orain familia monomarental eta monoparentalentzako (gurasobakarra) hobekuntzak txertatu dira. Alde batetik, Gazteria Sailaren jardueretan orokorrean, eta Ludoteka zerbitzuan bereziki; eta bestetik, Jabekuntza eskolaren tasetan. Hauek dira orokorrean ordenantza fiskalen aldaketa nagusienak. Esan beharra dago zerga eta tasen helburu nagusiena dirusarrerak lortzea dela. Baina ez hori bakarrik, zeharka, hobari eta pizgarri desberdinen bidez, beste politika batzuk ere aplikatzen dira: gizarte politikak, sustapen ekonomikoa, ingurumena zaintzea etabar.

Elgoibarko Udala: beste udalerrietan baino presio fiskal baxuagoa

Udalgidan, Gipuzkoako Foru Ogasunaren webgunean, Gipuzkoako udalen adierazle ekonomiko-finantzarioen zerrenda luze bat kontsultatu daiteke. Sarrerekin lotuta dauden adierazleen kasuan Elgoibarko Udala posizio on baten kokatzen da beste udal batzuekin konparatura. Adierazle bat aukeratuz gerom presio fiskala (sarrerak biztanleko), adibidez, Elgoibarren 546 euro biltzen dira biztanleko eta antzeko udalen batez bestekoa 607 euro da. Elgoibarren kasuan, 61 euro merkeago biztanleko.