Goizeko Jardunaldiaren Kartela
adineko emakumeen indarkeriaren inguruan

 

  • Emakumeak, zahartzaroa eta indarkeria matxistak: ikusten ez dena ikusaraztea” lelopean adineko emakumeekin lan egiten denean suerta daitezkeen beharrizanei eta egonezinei heltzeko aukera sortu nahi da. Baita osasun zerbitzuetan eta zerbitzu sozialetan lan egiten duten profesionalei zuzendutako pautak eta baliabideak ezagutzeko sinergiak sortzea ere.
  • Bi sesio egingo dira Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolan. 9:15etakoa, osasun esparruko eta zerbitzu sozialetako profesionalei zuzenduta egongo da eta 18:00etako,  gainontzeko publikoari. Leku mugatua izango denez, goizeko sesioan parte hartu nahi dutenek, aldez aurretik eman beharko dute izena  honako estekan.
  • Goizeko jardunaldiaren egitaraua (pdf)
  • Arratsaldeko jardunaldiaren egitaraua (pdf)

Elgoibarko Udalak, “Emakumeak, zahartzaroa eta indarkeria matxistak: ikusten ez dena ikusaraztea” izeneko jardunaldi berezia antolatu du azaroaren 22rako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin besteak beste. Jardunaldi honek, indarkeria matxista eta adineko emakumeen errealitatera hurbiltzeko eta hausnartzeko gunea ireki nahi du. Adineko emakumeekin lan egiten denean suerta daitezkeen beharrizanei eta egonezinei heltzeko aukera sortu nahi da. Era berean, osasun zerbitzuetan eta zerbitzu sozialetan lan egiten duten profesionalei zuzendutako pautak eta baliabideak ezagutzeko sinergiak sortzea du xede.

Bi sesio egingo dira, biak Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolan (Aita Agirreren Plaza, 4). Lehenengoa 9:15ean hasiko da eta osasun esparruko eta zerbitzu sozialetako profesionalei zuzenduta egongo da. Jardunaldiaren helburua emakume nagusiek pairatzen dituzten indarkeria matxista testuinguruan kokatzea,  aztertzea eta proposamen desberdinak egitea izango da. Horretarako, Marisa Rebolledok (Ágora taldeko koordinatzailea), Mentxu Hernandok (Agintzari SCIS), eta Jesús Goyeneche Vidal-ek (Gizarte Hezitzailea - UNAF Unión de Asociaciones Familiares) hitza hartuko dute. Gaiari ekingo dioten aspektuak aztertu eta, ondoren, Trokolo Teatro taldeak ondorioztapen entretenigarri eta dinamikoak egiteko tartea hartuko dute. Leku mugatua izango denez, aldez aurretik eman beharko da izena honako estekaren bitartez.

Bigarren sesioa, bestalde, gainontzeko publikoari zuzendurik egongo da eta 18:00etan hasiko da. Okasi honetan, Marisa Rebolledok “Ikusezinak eta ahaztuak” hitzaldia eskainiko du. Azkenik, Trokolo Teatro taldeak zuzendutako ondorioztapen entretenigarria egingo da. Sarrera librea izango da leku kopurua bete arte.

Emakumeak, zahartzaroa eta indarkeria matxistak: ikusten ez dena ikusaraztea

Sarritan, esparru profesionalean izen-abizenekin definitzen dugu emakumeek pairatzen duten indarkeria. Indarkeria matxista terminoa erabiltzea ohikoa izaten da kasu hauetan. Adineko pertsonek indarkeria sufritzen dutenean, ordea, abizen gabeko indarkeriaz hitz egiten da; indarkeria orokorraz eta generikoaz, hain zuzen ere.

Dikotomia honek, tamalez, emakumea izatearen eta emakume adinekoa izatearen arteko elkargunea aztertzeko zailtasunak ekar ditzake. Emakumeek zahartzaroan ere indarkeriei aurre egin behar izaten diete. Eta indarkeria matxistak dira, bizitzaren garai honetan, generoaren arauak bizitzeko moduarekin loturik daudelako.

Zahartzaroaren gaineko aurreiritziak presente daude gure gizartean. Zaharra iraina ez baldin bada, balio ez duena izendatzeko adjektibo bihurtzen da. Indarkeria sinboliko hau, egiturazko beste indarkeria batzuekin (pobrezia tasa altuagoa emakume adinekoen artean) eta pertsonen arteko indarkeriekin batera, oharkabean gertatzen da.