Behin behineko instalazioak

  • Gune berriari esker herritarrek formalizatu beharreko kudeaketa eta  izapide guztiak toki bakar batean zentralizatu ahal izango dira.
  • Proiektuaren exekuzioaren aurrekontua 230.313,37 eurokoa da (BEZ gabe) eta zerbitzu berria 2018ko Aste Santua baino lehen martxan egotea aurreikusten da.
  • Abenduaren 4tik aurrera, eta obrak bukatu arte, Kontu-hartzailetza zerbitzua Udaltzaingoa eta kultur etxearen artean dagoen plazara lekualdatuko da eta Arreta Zerbitzua, aldiz, Kultur etxeko erakusketa gelara.

Udaleko zerbitzuen eskuragarritasuna bermatzeko eta herritarren arteko hartu-emana gero eta estuagoa izateko helburuarekin, Elgoibarko Udalak, laster hasiko ditu Herritarren Arreta Zerbitzu Integral (HAZ) berriaren obrak. Gune berriari esker herritarrek formalizatu beharreko kudeaketa eta izapide guztiak toki bakar batean zentralizatu ahal izango dira. Ildo horretan, elgoibartarrek, udal izapide administratiboak era azkar, eraginkor, garden eta errazean egin ahal izango dituzte. Proiektuaren exekuzioaren aurrekontua 230.313,37 eurokoa da (BEZ gabe) eta lanen adjudikazioa hurrengo asteetan erabakiko da. Halaber, zerbitzu berria 2018ko Aste Santua baino lehen martxan egotea aurreikusten da.

Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak adierazi duenez “legealdiaren hasieratik daramagu Herritarren Arreta Zerbitzu integralaren proiektu honetan lanean, udal izapide administratiboak era azkar, eraginkor, garden eta errazean egin ahal izateko aukera eskaintzen diguna”.

Elgoibarko Herritarren Arreta Zerbitzu berri honen obrek dirauten bitartean, eta uneoro zerbitzu guztiak bermatzeko, Kontu-hartzailetza saila eta Arreta Zerbitzua lekuz aldatuko dira. Horrela, abenduaren 4tik aurrera eta obrak bukatu arte, Kontuhartzailetza zerbitzua Udaltzaingoa eta kultur etxearen artean dagoen plazara lekualdatuko da eta Arreta Zerbitzua, aldiz, Kultur etxeko erakusketa gelara. Lanak bukatutakoan, HAZa, Santa Anan kokatuko da, behin betiko. Sarbidea, Santa Ana kaletik izango da eta gaur egungoa baino heltzeko errazagoa izango da. Aipatzekoa da ere, HAZaz gain, Gizarte Zerbitzu saila ere bulego berri hauetan instalatuko dela.

Gauzak horrela, obrak bukatzen direnean, orain arte Udaletxeko arreta zerbitzuan egiten ziren kudeaketak, zein Kontu-hartzailetza sailean burutzen ziren tramitazioak, modu integral batean eta gune bakarrean kudeatuko dira, HAZan, hain zuzen ere.Honakoak izango dira eskainiko diren zerbitzuak:

  • Sarrera eta irteera erregistro orokorra.
  • Udaleko prozedura eta zerbitzuei buruzko informazioa eta kudeaketa.
  • Diru-laguntza guztiak bertotik tramitatuko dira, aurrez aurre. Telematikoki egiten ere lagunduko da.
  • Kexak, iradokizunak, eskerrak jasotzea.
  • Teknikariekin hitzorduak ematea eta kudeatzea.
  • Udalak bultzatzen dituen kanpaina guztien inguruko informazioa eta tramitazioa.
  • Udal zerbitzuen eta udalerriko informazio orokorra.
  • Tramiteak elektronikoki egiteko laguntza.
  • Herritarren Arreta Zerbitzua

Aurrez aurre, telefonoz eta telematikoki, interbentzio tekniko espezializatua (informazioa, tramitazioa eta kudeaketa) behar ez duten udal zerbitzu gehienak, herritarrei modu integralean eskainiko zaien erreferentziazko udal zerbitzua da. Sarbidea, komunikazioa eta administrazioarekiko erlazioa errazteko, zerbitzu publikorako orientazioa eta bokazioa izateko dago diseinatuta eta sortuta bulegoa eta zerbitzua.