• Azaroaren 7tik aurrera, herritarrek euren ekarpenak egin ahal izango dituzte, aurrez-aurre Arreta Bulegoan kokatuta dagoen Elgoibarko Udalaren Erregistro Orokorrean, postaz Alkatetza – Elgoibarko Udala (Kalegoen plaza 1 – 20870) helbidera bidaliz edota posta elektroniko bidez: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
  • Gonbidapena (PDF)

2012an hasi zen Elgoibarko Udala bizikidetzaren lanketarako prozesu batean lanean. Horren fruitu izan zen 2015ean Elgoibarko Udalak bizikidetza mahaia osatzea: Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoen artean bakearen eta bizikidetzaren arloan hausnarketa eta ahalik eta adostasun zabalena bilatzeko asmoz. Lantestuinguru honetan eta memoria partekatu bat sustatzeko helburuarekin, herrian gertaturikoaren Memoria jasoko zuen lan bat egitea eskatu zion mahaiak Giza-Eskubideen aldeko Argituz elkarteari duela urtebete. Lan horren emaitza da “Memoria partekatu baterantz, Elgoibarren 1956tik 2016ra bitarte izan diren giza-eskubideen urraketei eta indarkeria-ekintzei buruzko txostena” dokumentua.

Lan horretan, dokumentuan agertzen den bezala, “bildu ahal izan ditugun egia, kontakizun, eta ikuspuntu guztiak azaltzen dira. Azken batean txosten hau, zer gertatu zen, nola gertatu zen eta zergatik gertatu zen ulertu ahal izateko hastapen bat baino ez da, pertsonen arteko konfiantza eta bizikidetza berreskuratzen lagunduko duena eta memoria sozial partekatu bat eraikitzeko aukera ahalbidetuko duena.” Giza-eskubideen urraketez eta bestelako indarkeriazko gertaerez gain, dokumentuak udal-ordezkari izan direnen eta ekimen sozialekin eta bizikidetza arlokoekin harremana duten hainbat pertsonen iritziak eta lekukotzak ere jasotzen ditu, indarkeriak euren bizikidetzan izan duten eragina azalduz. Hauek dira elkarrizketatu diren pertsonak: Nerea Alustiza Alonso, Mari Juli Arregi Gorrotxategi, Justo Arriola Etxaniz, Ane Beitia Arriola, Arantxa berasaluze Iriondo, Juan Jose Bastarrika Garate, Bruno Guerrero Labanda, Pello Mendizabal Alberdi, Nomei Otegi Lopez de Murillas y S.J.A.

Behin txostena osatuta, bizikidetzarako udal-mahaiak hura inprimatu eta zabaltzea erabaki du. Dokumentu hau memoriaren alorreko etorkizuneko udal-politiketarako lanabes bezala ulertzen du mahaiak. Dokumentu honen aurkezpenak ez du esan nahi alderdi politiko guztiek bertako eduki guztia onartzen dutenik, baina denek hartzen dute memoriaren eta bizikidetzaren eraikuntza izango den prozesu luze horren abiapuntutzat. Dokumentuak berak jasotzen duen bezala, “txosten hau ekarpen baliagarria izango da Elgoibarko iragana ezagutzeko eta, hortik abiatuta, egungo eta etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak sendotzeko. Hori dela eta, txosten hau, irekita jarraitzen duen prozesu baten parte da, lana ez dago bukatuta. Oraindik ere ezagutzen ez ditugun elementuak daude, gai honi buruz hitz egiten jarraitu behar da eta etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak sendotu behar dira.”

Parte-hartzeko deialdia

Elgoibarko Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu txostenaren aurkezpeneko mahai-inguruan parte hartzera. “Memoria partekatu baterantz” izenburupean, honakoak izango dira hizlariak: Jon Mirena Landa, Zuzenbide Penaleko Katedraduna eta UPV/EHU Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren Zuzendaria, baita Argituzeko kide eta dokumentuaren egileak ere: Aintzane Gamizek eta Jon Moñuxek. Ekitaldia datorren azaroaren 7an izango da, asteartez, Elgoibarko Musika Eskolan, 19:00etan.

Ildo honetan, herritarrek euren ekarpenak helaraz dezaten, Elgoibarko Udalak honako bideak irekiko ditu azaroaren 7an:

  • Aurrez-aurre, Arreta Bulegoan kokatuta dagoen Elgoibarko Udalaren Erregistro Orokorrean
  • Postaz: Alkatetza – Elgoibarko Udala (Kalegoen plaza 1 – 20870)
  • Posta elektronikoz: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.