Oin Alai

  • Ikasleei eskolara joaten laguntzeko, parte hartu nahi duten helduek Ikastolan eta Herri Eskolan eman dezake izena.
  • Programa honek ikasleei, gurasoei eta elgoibartarrei dakarzkien onurak anitzak dira.

Beste urte batez, Elgoibarko Udalak, Herri Eskolak eta Ikastolak martxan jarri dute Oin Alai programa. Ekimena 2010. urtean abiarazi zen xede bikoitzarekin: alde batetik, ikasle txikienak, boluntario gisa diharduten helduen laguntzarekin, ikastetxeetara oinez joatea, eta bestetik, ikastetxeetarako joan-etorrietan erabiltzen den ibilgailu partikularren kopurua gutxitzea.

Oin Alai programak 2017-2018 ikasturteari Ikastolako 29 ume eta 14 boluntariorekin eta Herri Eskolako 23 ume eta 12 boluntariorekin eman dio hasiera. Emaitzak nahiko itxaropentsuak dira, azkeneko bi urteetan partaide kopurua, ume zein boluntarioak, handitu egin baita. Halere, proiektuaren bultzatzaileek adierazi dutenez “ezin gara erlaxatu”.

Ildo honetan, Elgoibarko Udalak, Ikastolak eta Herri Eskolak gogorarazi nahi dute Oin Alai programan, ikasleei eskolara joaten laguntzeko, parte hartu nahi duten helduek Ikastolan edota Herri Eskolan eman dezaketela izena.

Oin Alai proiektuaren onurak

Programa honek adingabeei, gurasoei eta elgoibartarrei dakarzkien onurak anitzak dira. Alde batetik, ikasleek autonomia lantzen dute, erneago iristen dira eskolara, ariketa fisikoa egiten dute eta lagunekin batera egiten dute eskolarako bidea.

Gurasoek, bestalde, ez dute kotxea erabili behar eta bide batez, ohitura jasangarri eta osasungarriak erakusten dizkiete euren seme-alabei. Halaber, herriko merkataritza establezimenduetan gastatzeko 50 euroko erosketa txartelak irabaz dezakete.

Proiektua bestelako elgoibartarrentzako ere onuragarria da, izan ere, ekimenari esker, ibilgailu gutxiago izango da kaleetan eta eskolako sarreretan eta autoek sorrarazten duten zarata ere murriztu egingo da.

Oin Alai2