Elgoibarko hirigunea

  • Deialdia 18 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzendua, bere emantzipazio prozesuan laguntzeko eta udalerriko gune guztietan alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko.
  • Eskaerak aurkezteko epea 2020ko ekainaren 5era arte egongo da zabalik. Eskaera modu elektronikoan aurkeztu beharko da Udalaren webgunean dagoen herritarren atarian
  • OINARRIAK (PDF)

Gazteak emantzipatzeko eta helduen munduan sartzeko prozesuan laguntzeko eta Elgoibarren alokairuko etxebizitza bat izan dezaten sustatzeko, Udalak dirulaguntzen programa bat jarri du abian, laugarren urtez jarraian, 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzat. Onuradunek 2020an beren gain hartutako alokairu gasturako emanen da dirulaguntza.

Horretarako, Elgoibarko Udalak 50.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara. Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da laster, eta GAOn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Dagoeneko oinarriak Udalaren web orrialdean daude kontsultagai.

“Dirulaguntza hauen bidez, Elgoibarren etxebizitza bat alokatu nahi duten gazteentzako laguntzak eskaintzen jarraitzen dugu. Koronabirusaren krisiak eta produkzio-geldialdiak kalte zuzena egin diete gazte askori, eta neurri baten, laguntza hauen bidez, eragin hori nolabait leundu nahi dugu. Etxebizitzaren arloan ere gure babesa eta laguntza dutela jakinarazi nahi diegu ", dio Ane Beitia alkateak.

Dagoeneko laugarren deialdia da (2017az geroztik), Udalak alokairuko gazteei horrelako laguntzak emateko abian jarri duena. Iaz 30 eskaera tramitatu eta onartu zituen Udalak. Ildo horretatik, Udalak gogorarazi du deialdi guztietan eskatutako baldintzak betetzen zituzten pertsona guztiek dirulaguntza jaso dutela, inor ez dela kanpoan geratu.

Dirulaguntzak emateko irizpideak eta zenbatekoa

Bete beharreko irizpide batzuen artean, onuradunak, eskaera egiten den unean, Elgoibarko herrian egon beharko dira erroldatuta, gutxienez eta etenik gabe, 2 urteko antzinatasunarekin, edota udalerrian, etenik gabe, 5 urtez erroldatuta egon direla erroldatuta egiaztatu beharko dute. Adinari dagokionez, 2020. urtean 18-35 urteko gazteentzat dira laguntzak, karguan dauden adingabeak izan ezik (35 urte: 1985ean jaioak).

Eskatzaileek ezin izango dute etxebizitzarik jabetzan izan, urtean, ezta ere 18.000 euro gordin baino gutxiagoko eta 29.000 euro gordin baino gehiagoko dirusarrerak izan. Salbuespen gisa, 18.000 eurotik beherako dirusarrerak dituzten pertsonak onuradunak izan daitezke, baina urtarriletik maiatzera bitarteko errentei dagokienez bakarrik (hortik aurrera Eusko Jaurlaritzaren GAZTELAGUN laguntza eskatu beharko dute).

Etxebizitza bakoitzeko izango den laguntzaren zenbatekoa desberdina izango da, bertan bizi diren pertsonen sarreren baturak ematen duen zenbatekoaren arabera. Horrela bada, 

  • Laguntza hileroko alokairuaren prezioaren % 50ekoa izango da, komunitatearen eta etxebizitzaren eranskinen gastuak kenduta, gehienez ere, hilero 250 €-ko balioarekin, sarreren batura 40.000 €-tik beherakoa bada.
  • Laguntza hileroko alokairuaren prezioaren % 30ekoa izango da, komunitatearen eta etxebizitzaren eranskinen gastuak kenduta, gehienez ere, hilero 150 €-ko balioarekin, sarreren batura 40.000 €-tik gorakoa eta 58.000 €-tik beherakoa bada.
  • Laguntza 0 izango da sarreren batura 58.000 €-tik gorakoa bada.

Laguntza emanen zaie Udalaren web orrian ikus daitezkeen oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei.

Aurrekontu-partidan jasotako zenbatekoa laguntza guztiak estaltzeko adinakoa ez bada, zenbateko hori onuradun guztien artean hainbanatuko da.

Eskaerak aurkezteko epeak

2020. urteari dagozkion laguntzen deialdirako eskaerak aurkezteko epea, deialdiaren laburpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta 2020ko ekainaren 5ean bukatuko da.

Eskaera modu elektronikoan aurkeztu beharko da webgunean dagoen herritarren atarian.

Eskaera aurkeztu ahal izateko, beharrezkoa izango da identifikazio elektronikoa eskuratzea, eta horretarako, Elgoibarko Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzura (Santa Ana kalea, 2) jo ahal izango da.

Pertsona onuradunek bete beharreko baldintza eta etxebizitzaren, kontratuaren eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazio gehiago OINARRIETAN aurki daiteke.