Bernardo Ezenarro Aranburu

Bernardo Ezenarro Aranburu (1873-1956). Marrazketako maisua.

Elgoibarren jaio zen 1873ko abuztuaren 20an; Jose Domingo Ezenarro eta Petra Frantziska Aranburu senar-emazteen lau seme-alabetatik gazteena izanik. Bernardo Ezenarro Maria Osororekin ezkondu zen, eta bi seme izan zituzten: Roman (margolari zaletua) eta Luis (apaiza eta Elgoibarko historialaria).

Marrazketako maisu handia izan zen. 13 urterekin marrazketa lineala eta artistikoa ikasten hasi zen Eibarren. Donostian ikasketak sakondu ostean, Parisko Arte Akademian amaitu zituen, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beka bati esker. Elgoibarrera itzultzean, Marrazketa Akademia sortu zuen 1899an, lineala, apaindurakoa eta figuratiboa espezialitateak irakatsiz. Horrela, Arte eta Lanbide eskola izango zenaren lehen urratsa izan zen, Udalak 1916an ireki baitzuen aipatutako eskola, honako irakasle hauekin: Jose Yeregi apaiza (fisika); Marino Rodriguez (aritmetika eta geometría); Pedro Larrañaga (frantsesa eta merkataritza-praktikak); Bernardo Ezenarro (marrazketa lineala eta dekoratiboa).

Bertako irakasle eta hainbat urtetan zuzendari izan zena 78 urterekin jubilatu zen. Guztira, 52 urte egin zituen irakaskuntzan. 1952ko ekainaren 29an Udalak omenaldia egin zion. Hona hemen egun horretan antolatu ziren ekintzak Bernardo maisuaren ohoretan: – 10:00etan meza parrokian hildako ikasle ohien alde, eta agintarien presentziarekin; – 11:00etan Lanbide Heziketako Mekanika Eskolako 1951-52 ikasturtearen amaiera: Egindako lana, kontuak, balantzea, ikasleei notak irakurtzea eta sarien banaketa…; Don Bernardori omenaldia eta oparia (albun artistikoa ikasle ohi guztien sinadurekin); 12:00etan Don Bernardoren bustoa jartzea Eskolako marrazketa gelan; ikasleek ikasturtean zehar egindako lanen erakusketaren irekiera; 13:30ean Don Bernardori eskainitako ohorezko oturuntza Azoka plazan, agintari gailenak buru izanik.

1956ko martxoaren 21ean hil zen, eta egun hartako iluntzean, zegokion bilkura egin zuen Elgoibarko Udalak (Roman Ezenarro, Bernardoren semea, zinegotzia zen eta ez zen bertan izan arrazoi horregatik) eta erabaki zuen aho batez saioa amaitzea, dolua egiteko. Oso argigarria da aktan idazkariak jaso zuena Bernardo Ezenarrori buruz: “… pérdida que supone para el pueblo de Elgoibar la muerte de tan preclaro hijo eximio artista del pincel y maestro indiscutible….de la Escuela de Artes y Oficios dejando tras de sí una estela de triunfos y una pléyade de discípulos que le honran y admiran y representa el florón magnífico del progreso, laboriosidad y pujanza espiritual de este pueblo ejemplar”.

1969an herriko kale bati haren izen-abizena jartzea erabaki zuen Udalbatzak. Lanbide Heziketako Institutuak haren deitura ere izan zuen.