San Bartolome 2017

  • Ehun ekitaldi inguru izango dira abuztuaren 22tik 28ra bitartean ospatuko diren San Bartolome jaietan.
  • Aurten Udalak 169.930 euroko aurrekontua bideratu du.
  • CD Elgoibar taldearen 100.urteurrena ospatzen dela eta, taldearen Batzordeak botako du txupinazoa.
  • Ana Salegui Egaña izan da 2017ko kartel lehiaketaren irabazlea. Sari banaketa abuztuaren 22an izango da, arratsaldeko 19:30etan, Kultur Etxeko erakusketa gelan.
  • San Bartolome jaietako egitaraua (PDF)

Ane Betia, Elgoibarko Alkateak, Andrea Arriola, Udaleko Kultura zinegotziak eta Blanca Salegi teknikariak, 2017ko San Bartolome jaietako egitaraua aurkeztu dute gaur goizean, Elgoibarko Udaletxean izandako prentsaurrekoan.

Urtero bezala, herriko bazter guztiak kolorez, dibertsioz eta alaitasunez beteko dituzten ekintza ugari izango dira festetan, izan ere, adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduerak antolatu ditu Udalak. Aurten, ofizialki jaiak abuztuaren 22an hasiko dira eta 28an amaitu.

Guztira ehun ekitaldi inguru izango dira, eta horiek martxan jarri ahal izateko, Elgoibarko Udalak 169.930 euroko aurrekontua bideratuko du (172.616 euro 2016.urtean)

Udalak jaiei emandako bultzada ekonomiko honi esker, maila handiko ikuskizun eszeniko eta musikal ugari jasotzen dira aurtengo egitarauan, bestea beste, Vendetta (abuztuak 23, Kalegoen plaza, 23:00etan), Gozategi (abuztuak 24, Kalegoen plaza, 23:00etan), Alex & Urtza Diskofesta (abuztuak 25, Kalegoen plaza, 22:30etan), Oihan Vegaren Disko Festa (abuztuak 26, Kalegoen plaza, 23:00etan) edota Itziarren Semeak (abuztuak 28, Maalako parkea, 23:00etan) taldeen kontzertuak egongo dira ikusgai.

Kontzertuez gain, azpimarratzekoak dira ere antolatu diren hiru ikuskizun eszenikoak, izan ere, Elgoibarko Udalak esfortzu berezia egin du hauek martxan jartzeko. Lehena abuztuaren 24an izango da, arratsaldeko 19:30etan, Vaiven Circo taldearen eskutik “Do not disturb” ikuskizuna eskainiko da Kalebarren plazan (euria bada, Maalan). Bigarrena, “Walkman” izenburuko ikuskizuna, Ganso&Cia taldearen eskutik, abuztuaren 27an, arratsaldeko 18:30etan izango da Kalebarren plazan (euria bada, Maalan). Eta bukatzeko, hirugarren ikuskizuna, abuztuaren 27an izango da baita, gaueko 22:30ean, Deabru Beltzak taldeak “Su danborradak” kalejira abiaraziko du Kalegoen plazatik, piroteknia eta guzti.

Bestalde, ez dira faltako San Bartolome jaietako betiko hitzorduak: erraldoi, buruhandi eta zezen-zikleten kalejirak, haurren parkeak, txarangak, soka dantza, profesionalen arteko esku pilota partidak, errekorte eta jauzi lehiaketa zezenekin, salda eta txorizo banaketa, goitibeheren jaitsiera, dantza eta txistu emanaldiak, harri-jasotze txapelketa, gazta eta sagardo lehiaketak, bertso saioak, jubilatuen bazkaria eta nola ez, ohikoak diren hiru sokamuturrak besteak beste.

Ane Beitia alkateak, eskerrak eman die “Elgoibarko Udaleko langileei, urte osoan zehar egindako lanarengatik eta, nola ez, jaiak posible egin dituzten herriko elkarte, talde eta norbanako guztiei ere”. Honez gain, Beitiak “jaiak bizikidetzarako gune aproposak” izan behar direla adierazi du eta horregatik “jaiak arduraz gozatzeko” deia luzatu du.

Aurtengo nobedadeak

Elgoibarko Udalak, ohiko ekintzez gain, aurten, jarduera berriak antolatu ditu. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, abuztuaren 25ean Kalegoen plazatik hasita 19:00etan egingo den rockbox-a, hurrengo egunean, hilak 26an egingo den haurrentzako zumba klasea (Kalegoen plazan, 19:30ean). Halaber abuztuak 27an, igandea, herriko haur eta gaztetxoek Goazen! telesaileko kantak abestu eta dantzatzeko aukera izango dute "Go!azen, dantzatu eta abestera" kale musika ikuskizunarekin. Azken hau Maalako parkean izango da, 19:30ean.

Aipatzekoa da ere gazteen egunean, Futbol partidak zezen bolaztatuen ordez, Dirt Jump-a eta Trialsin jarduerak antolatu direla Aita Agirre plazan (18:00-19:00). Halaber, hilaren 25 eta 28ko sokamuturretan, Udalak ahalegina guztiak ari da egiten, zezenak Maalako parketik hasteko.

Eta igandean, hilak 27, emakumezkoen futbola izango da protagonista. 12:00etatik aurrera, Mintxetako instalazioetan VII Emakumezkoen Euskal Herriko Futbol Kopa antolatu da, non Real Sociedad – Athletic de Bilbao lehiatuko diren, biak lehen mailako taldeak. Neskek orain dela oso gutxi berriztutako Mintxeta zelaian jokatuko dute, uztailean jarri berri den FIFA 2 Izarreko ziurtagiria duen azken generazioko belarra (SBR kautxuarekin) duen futbol zelaian, hain zuzen ere.

Txupinazoa, CD Elgoibar taldearen mendeurreneko Batzordearen eskutik

CD Elgoibar taldearen 100.urteurrena ospatzen dela eta, taldearen Batzordea izango da, aurtengo txupinazoa botatzeko ardura eta ohorea izango duena. Urtero lez, jaien hasiera iragartzeko txupinazoa abuztuaren 23an botako da, udaletxeko balkoitik, eguerdiko 13:00etan.

Txupinazoarekin, sei eguneko festa giroari hasiera emango zaio. Abuztuaren 24an San Bartolome egun handia ospatuko da. Abuztuaren 25ean Txiki Eguna eta 26an Baserritarren Eguna. Abuztuaren 27an Jubilatuen eta Umeen Eguna izango da eta bukatzeko, astelehenean, hilak 28, Gazteen Eguna.

Ana Salegui Egaña, 2017ko kartel lehiaketaren irabazlea

Guztira hamalau kartel aurkeztu dira “2017ko San Bartolome Jaietan” programaren azala aukeratzeko lehiaketara. Lehenengo saria, Ana Salegui Egañak irabazi du, “Ongi etorri” izeneko kartelari esker. Anak 700 euroko saria eskuratu du.

Jaietako Haurren Kartel Lehiaketari dagokionez, 14 kartel aurkeztu dira guztira eta sarituei dagokionez, hurrengo hauek aipatu behar dira:  Aritz Vallejo Caballero (12 urte), Irati Uzkudun Cabezudo (12 urte), Eneko Etxaniz Irureta (10 urte), Elaia Etxaniz Irureta (8 urte), Oihan Goñi Orozko (8 urte), Leire Etxaniz Bereziartua (5 urte)

Epaimahaia honakoek osatu dute: Ane Beitia, Elgoibarko Udaleko alkatea; Andrea Arriola, Elgoibarko Udaleko Kultura Batzordeburua; Alberto Garcia eta Iñaki Raigoso, garai bateko Kokoe taldeko kideak; Jokin Martinez, Ongarri Argazki Taldeko kidea; Gemma Monreal, margolaria; Paula Heras; Egur Arte Tailerreko kidea eta Blanca Salegi, Elgoibarko Udaleko kultura teknikaria, idazkari lanak egin eta akta jaso du.

Sari banaketa abuztuaren 22an izango da, arratsaldeko 19:30etan, Elgoibarko Kultur Etxeko erakusketa gelan. Ekitaldi berean, Kirol Argazkien XI. Lehiaketako sariak ere banatuko dira.