KrossfitTRX

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak bi jarduera berri jarriko ditu martxan urrian. Alde batetik, mugimendu funtzionaletan oinarritzen den entrenamendua landuko duten KROSSFIT ikastaro berriak. Krossfitean, intentsitate handiko ariketa desberdinekin, eguneroko gure bizitzan egiten ditugun mugimenduekin (korrika, jauziak, pisuak altsatzea edo eramatea, e.a.), indarra, erresistentzia, abiadura eta koordinazioa landuko dira eta horrekin batera gure osasuna hobetzea lortuko da. Adin desberdinetara eta bakoitzaren gaitasun eta trebetasunari egokitzen dira egin beharreko mugimendu eta ariketak. Yuri Egaña entrenatzailearen eskutik doako bi saio eskainiko ditu Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, Olaizaga kiroldegian, irailaren 26an, asteartean, eta 28an, ostegunean, 20:00etan. Saio hauetako batean parte hartu nahi duenak aurrez Olaizaga kiroldegian edo Mintxetan eman beharko du izena.
 
Bestetik, zintzilikatutako sisteman oinarrituko da Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eskainiko duen TRX ikastaroa. Sistema honek gimnasioko sabaitik zintzilikatuta dauden TRX euskarrietaz baliatuz, gorputzeko corea, erdiguneko gihar taldea, indartuko da, oreka, estabilitatea eta flexibilitatea ere hobetuz. Ikastaro berri hau dohain probatzea nahi duenak, irailaren 26an, asteartean, eta 28an, ostegunean, 19:00etan, Olaizaga kiroldegian izango du aukera.

mugikortasuna

  • Landa-azterketa, iraila eta urria bitartean egingo da eta besteak beste, aparkalekuak, garraio publikoak, oinezkoen mugikortasuna eta txirrindularien mugikortasuna aztertuko dira.
  • Elgoibartarren ekarpenak “egungo hiri-baldintzak hobetzeko eta herrihazkundea epe ertain-luzera ordenatzeko baliagarriak izango dira, azken finean, guztion bizi-kalitatea hobetzeko”.

Elgoibarko Udalak beste pauso garrantzitsu bat eman du herriko Mugikortasun Plana gauzatzeari dagokionez. Udalak Colin Buchanan Consultores, S.A.ri esleitu dio herriko mugikortasun jasangarriaren Planaren (PMUS) elaborazioa. Hori dela eta, herriko mugikortasunaren diagnostikoa burutzeko, aurki, beharrezko landa-azterketak egiteari ekingo diola iragarri du. Iraila eta urria bitartean, hainbat datu azterketa egingo dira, hala nola, trafikoaren aforoak, aparkalekuak eta herritarrei egingo zaizkien mugikortasun inkestak. Hauek, ausaz egingo dira, telefonoz nahiz kalean.

Azterketa zehatz bat izateko helburuarekin, guztira 600 inkesta egingo dira herritarren artean: 400 telefonoz, beste 100 kalean egingo dira, gidariei eta garraio publikoko erabiltzaileei, eta azkenik beste 100, kaletik doazen oinezko eta txirrindulariei.

Ane Beitia alkatearen esanetan, “etorkizuneko Mugikortasun Plan berriaren helburu nagusia elgoibartarren bizi-kalitatea hobetzea da. Udalak, herriko mugikortasuna, Elgoibarren garapen egoki baterako funtsezko tresnatzat jotzen du eta horregatik, parte hartzeko deia luzatu nahi dut, guztion artean Mugikortasun Plan hobeago bat egiteko, guztion artean Elgoibar hobeago bat eraikitzeko”. 

Bestalde, Iosu Arraiz, Hirigintzako Zinegotziaren hitzetan, “inkesta hauen bitartez jasoko diren erantzun eta ekarpenak, egungo hiri-baldintzak hobetzeko eta herrihazkundea epe ertain luzera ordenatzeko baliagarriak izango dira”.

Ikerketa honetan zehar Elgoibarko herriaren mugikortasunean eragiten duten arlo ezberdinak aztertuko dira sakon. Besteak beste, aparkalekuak, garraio publikoak,
oinezkoen mugikortasuna eta txirrindularien mugikortasuna. Lurraldearen orografia kontuan izanik, mugikortasun bertikala oso garrantzitsua izango da. Proiektuak
diagnostikoa eta proposamen fasea izango ditu.

Ekimen honen helburua marko teknikoa garatzean oinarritzen da, herriaren mugikortasuna irizpide jasangarrien arabera bultzatuz. Herriko Mugikortasun Jasangarriaren Plana kanpaina parte-hartzaile batekin batera egingo da, eta gako-datak udalak erabiltzen dituen ohiko komunikazio euskarrietan iragarriko dira.

aitaagirre 3

Ane Beitia Elgoibarko alkateak eta Denis Itxaso Kulturako diputatuak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean Aita Agirre Kulturunea birgaitzeko.

Aldundiak 510.000 euro jarriko ditu eraikina finkatu, eraberritu eta zaharberritzeko obrak egiteko.

Ane Beitia alkateak adierazi duenez, “instituzio publiko desberdinen arteko akordio berri honi esker, beste urrats garrantzitsu bat ematen dugu Gobernu taldearentzat estrategikoa den proiektu bat errealitate bihurtzeko. Aita Agirreren eraberritzea, legealdi osoan zehar aurrera eramango dugun ekimen garrantzitsuenetarikoa da.

Kulturaren aldeko apustua egin dugu,apustu sendoa gainera, Aita Agirre kultur eremu erreferente bihurtzeko helburuarekin. Herrian zein eskualde mailan garrantzitsua izango den kultur gunea izango da zalantza gabe”
Denis Itxaso Kulturako diputatuak proiektuaren garrantzia azpimarratu du eta, halaber, eraikinari izaera balioaniztuna, malgua, modernoa eta funtzionala eman nahi zaiola adierazi du.

"Gure ondarea zaintzen jakin behar dugu, baina, aldi berean, erabilera praktikoa eman behar diogu, hori baita gure ondarea zaintzeko modu bakarra; proiektu hau jokabide horren adibide argia da. Elgoibar herri bizia da, eta kultura arloan lan egiten duten mota guztietako entitate ugari daude; beraz, elkarteek bai herritarrek merezi dute beraien beharrei erantzungo dien toki egoki bat izatea" esan du.

XX. mendearen hasieran eraikitako eraikin historikoa da eta, geroago, eranskin bat egin zen. Eraikinak lau solairu ditu eta 1900 m2-ko azalera erabilgarria; gaur egun, jatorrizko egitura mantentzen du, eta harlangaitzezko karga-hormaz, forjatuz, narriatutako egurrezko estalkiaz, eta harlangaitza eta pinturadun morterozko entokatua konbinatzen dituen harri naturalezko fatxadaz osaturik dago, baina narriadura nabaria da, forjatuek ez dute eusteko ahalmenik, zutabeak ustelduta daude, eta hezetasun arazoak daude, besteak beste. Beraz, eraikina zurkaiztu eta hustu egin da, eta bertan zeuden elkarteak Elgoibarko beste toki batzuetan kokatu dira.

Egoera horren aurrean eta partaidetza prozesu bat egin ondoren, Udalak erabaki zuen jatorrizko erabilera berreskuratzea eta kultura erabilera ematea, eraikinak duen azalera eta herrian duen kokapena aprobetxatuz.

Udal Bandak eta txarangak erabiliko dute behe solairua, akustika ona duen gunea baita, eta plaza berean kokatuko da musikarekin zerikusia duen guztia, kontserbatorioa ere alboko eraikinean baitago. Bi areto balioaniztun egokituko dira erakusketak jartzeko eta kultura ekintza ezberdinak antolatzeko, behe solairuan eraikiko den Kafe Antzokiarekin lotuta.

Lehenengo solairuan hitzaldi areto bat jarriko da, eta bertatik eraikinaren terraza berrira eta Euskara, Kultura eta Gazteriako udal sailetara sartu ahal izango da. Bigarren solairuan liburutegi moderno bat jarriko da. Estalkipean, berriz, DEBABE edo udal euskaltegia kokatuko da, eta baita ere Elgoibarko Izarra elkartea, gazteen aisialdirako jarduerak eta Gazteleku eta Ludotekako zerbitzuak kudeatzen dituen elkartea.

 

ueu

  • Udalak matrikularen kostu osoa ordainduko die Elgoibarko ikasleei, langabeei, pentsiodunei eta jubilatuei. Horretaz gain, matrikularen kostuaren erdia ordainduko die lanean diharduten pertsonei.
  • UEUk antolatu dituen ikastaroetara joateko izena emateko epea ikastaroak hasi baino astebete lehenago bukatuko da.

Beste urte batez, Elgoibarko Udalak diru-laguntzak emango dizkie Udako Euskal Unibertsitateak, Eibarko, Iruñeko eta Gasteizko egoitzetan, udazkenean, eskainiko dituen ikastaroak egiten dituzten herritarrei.

Izena emateko epea irekita dago, beraz, interesatuek beheko ikastaroetan klikatuta aurkituko dute informazioa eta baita matrikula egiteko aukera ere. 

Ikastaroen eskaintza zabala egin du UEUk:

ON-LINE ESKAINTZA:

IKASGELAKO ESKAINTZA:

Elgoibarko Udalaren Euskara Sailaren diru-laguntzari esker, Udalak matrikularen kostu osoa ordaintzeko laguntza emango die Elgoibarko ikasle, langabe, pentsiodun eta
jubilatuei, eta matrikula erdia ordaintzeko laguntza, berriz, lanean diharduten herritarrei. Diru-laguntzak eskatzeko epea urriaren 31n bukatzen da,

informazio gehiago Kultur Etxean (Euskara Sailean): 943 744366 Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Ikastaro eta jardunaldiei buruzko informazioa lotura honetan: 2017ko Udazkeneko eskaintzaeskaintza

Saioren kartela
Datorren asteazkenean, irailak 20, literatura ekitaldi berezia izango da Inazio Bereziartua Musika Eskolako auditoriumean. Izan ere, arratsaldeko 19:00etan hasita. Arantxa Iturbek eta Harkaitz Canok Elgoibarrerako propio sortutako saio berezi bat eskainiko dute. “Fikizoaren Uhinetan” izenburupean, Iturbek eta Canok literatura eta irratiari buruzko elkarrizketa ez-ohiko bat eskainiko dute. Idazlea da Cano, irratilaria Iturbe.
 
Saio hau Elgoibarko hainbat idazlek eta literatura zalek osatzen duten Hamaika Litera ekimenaren parte da, eta ziklo bati hasiera emango dion estreinakoa izango da. Azaroaren 15ean Kirmen Uribe eta Alaine Agirre idazleak izango dira eta abenduaren 15ean Asier Serranoren poesia-errezital musikatua.
 
Danobat-ek babestutako eta esan bezala, Hamaika Literak antolatutako ekimena da, Elgoibarko Udalaren eta Inazio Bereziartua Musika Eskolaren laguntzarekin. 

Guraso batzuk bere semealabekin patinatzen

  • Elgoibarko Udalak, Herri Eskolako Kalamua Guraso Elkarteak, Ikastolako Guraso Kontseiluak eta Arreiturreko Guraso Elkarteak antolatutako ekimena da.
  • Saio bat eskainiko da, elebiduna, irailaren 14an, arratsaldeko 18:00etan, Kultur Etxeko hitzaldi gelan.
  • Hitzaldietan parte hartu nahi duten gurasoek, irailaren 12a baino lehen, ikastetxeko idazkaritzara jo edota formulario bat bete beharko dute.

Elgoibarko Udaleko Ongizate Sailak, Herri Eskolako Kalamua Guraso Elkartearekin, Ikastolako Guraso Kontseiluarekin eta Arreiturreko Guraso Elkartearekin lankidetzan, Elgoibarko gurasoei zuzendutako ikastaro berri bat antolatu dute irailean. Aldez aurretik egindako hitzaldiak lez, Elgoibarko Udalaren eta Gurasoen Formaziorako Taldearen helburua gurasoentzat interesgarriak izan daitezkeen gaiak lantzea da, kezkak, buruhausteak, zalantzak… konpartitzea.

Kasu honetan, ikastaroak “Gure seme-alabekin jolasean eta kirolean” du izena eta saio bat eskainiko dira, elebiduna, irailaren 14an. Hitzaldia, Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da 18:00etatik 20:00etara.

Unai Arrieta, psikologoak gidatuko du ikastaroa eta honakoak izango dira helburu nagusiak:

  • Ohitura osasuntsuak proposatzea
  • Berdintasunerako bidean aurrera egitea
  • Lehiarik gabeko kirola proposatzea
  • Emozioak ulertzea eta kudeatzea
  • Arauak, motrizitatea, askatasuna aisialdia lantzea

Parte hartzeko, irailaren 12a baino lehen eman beharko da izena, ikastetxeetako idazkaritzetan edota honako formularioa betez

Jaien balorazioa

  • Jaietan normaltasuna izan da nagusi, elgoibartarren zein bisitarien parte-hartzea, errespetua eta festa girorako gogoa azpimarratuz.
  • Guztira ehun ekitaldi inguru izan dira, eta horiek martxan jarri ahal izateko, Elgoibarko Udalak 169.930 euro bideratu ditu.
  • Ez da eraso sexistarik erregistratu. Udalak erasoen aurkako kanpaina berezi bat burutu du “Jaietan ere, ezetza ezetza da” lelopean. Ehundaka herritar eta bisitari sentsibilizatu, inplikatu eta mobilizatu dira.
  • Alkohol eta bestelako drogei buruzko prebentzio programak jarri dira martxan hauen kontsumoak dakarren arriskuez ohartarazteko.
    Alkohol postutik 263 pertsona igaro dira eta beste 208 testing gunetik.

Elgoibarko Udalak abuztuaren 22 eta 28 artean ospatutako San Bartolome jaietako balorazio ofizialaren inguruko prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean. Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak eta Andrea Arriolak, Kultura saileko zinegotziak aurkeztu dute balantze orokorra eta ekitaldian bertan jaiak posible egin dituzten udal sailetako teknikari arduradunak ere presente egon dira.

Elgoibarko Udalak San Bartolomeren omenez ospatu diren jaietako emaitzak modu “guztiz positiboan” baloratu ditu. Gobernu taldeak, herritarrak zoriondu nahi izan ditu, beste urtebetez, bizikidetza eta normaltasuna nagusitu baitira jai egunetan zehar. Elgoibartarren parte hartzea eta jai giroaz gozatzeko espiritua nabarmenduz.

Ane Beitia alkatearen esanetan, “balantze positiboa egiteaz gain, San Bartolomeetan bizitako jai giroak, Udalak, herriko hainbat eragileekin elkarlanean eraikitako jai-eredua indartu baino besterik ez du egiten. Aurtengoak ere, parte hartzaileak, herrikoiak, doako jarduerekin eta adin tarte zein gustu guztiei erantzuten dizkieten ekimenez betetako San Bartolomeak izan dira. Zorionez gainera, ez da iskanbila nabarmenik izan, ezta eraso sexistarik ere”.

Guztira ehun ekitaldi inguru izan dira, eta horiek martxan jarri ahal izateko, Elgoibarko Udalak 169.930 euroko aurrekontua bideratu du. Udalak ekitaldi bat besterik ez du suspenditu, Erraldoi eta Buruhandien kalejira, hain zuzen ere, euria egin zuelako. Gainerako ekitaldiak, normaltasun osoz burutu dira. Euria izan zela eta, funbox-a Ikastolan egin behar izan zen eta Dantza Solteko Txapelketa Herri Antzokian. 

Nabarmentzekoak izan dira alde batetik kontzertuak, jendetsuenak Vendetta, Gozategi eta Itziarren Semeak izan dira, 23an, 24an eta 28an antolaturikoak. Aipamen berezia merezi du RockBox taldeak. Esan daiteke San Bartolomeetako errebelazio taldea izan dela. Heavy metal-aren klasikoen musikarekin eta euren formatu berezi horrekin, ehunka jarraitzaile elkartu zituen.

Bestalde, ohiko kalejirek, jolasek, lehiaketek, kirol eta musika ekintzek, bazkariek… betiko lez, harrera ezin hobea izan dute. Horregatik, Udalak herritarrak, erakundeak, kolektiboak eta langileak zoriondu nahi izan ditu euren tolerantzia, eta kolaborazioagatik

sbjaia

Jaietan ere, ezetza ezetza izan da

Arestian aipatu bezala, azpimarratzekoa da ez dela eraso sexistarik erregistratu. Honez gain, Elgoibarko Udalak, Berdintasun sailaren ekimenez, eraso sexisten aurkako kanpaina berezi bat burutu duela esan behar da. Kanpainak “Jaietan ere, ezetza ezetza da!” leloa izan du eta herritarrak zein herriko eragileak eta beste herrietatik bertaratu diren bisitariak sentsibilizatu, inplikatu eta mobilizatu dira.

Indarkeria matxistaren aurka egiteko Udalak garatu dituen ekintzen artean, hurrengoak azpimarratu behar dira:

Photo-call-a: ehunka pertsonek hartu dute parte Txiki Egunean egindako ekimen honetan. Udal web orrian eta sare sozialetan dauden argazkietan ikus
daiteke parte hartzea oso zabala izan dela, bai adinen, bai sexuaren ikuspegitik.

Txapak: “Jaietan ere ezetza ezetza da” lemarekin 1.000 txapa banatu dira, bai txosnetan, bai Txiki Egunean.

Honez gain, Udala Maalako jai batzordeko feminista taldearekin elkarlanean ere aritu da, pankartak adosten, txapak banatzen, play list feministak garatzen… 

Alkohol eta bestelako drogei buruzko prebentzio programa

Aurten ere Elgoibarko Udalak alkohol eta bestelako drogei buruzko prebentzio programak jarri ditu martxan. Helburua, droga hauen gehiegizko kontsumoa prebenitzea eta parte hartzaileei alkohol eta bestelako drogen kontsumoak dakarren arriskuez ohartaraztea da.

Hala, alkoholemia postua, Baserritarren Eguneko gauen izan zen martxan, 00:00etatik 03:30etara bitartean, San Lazaro egoitzako parean. Datuei dagokionez, guztira 263 pertsona gerturatu ziren informazio stand-era (172 gizon eta 91 emakume). Jasotako positiboak 148 izan dira eta negatiboak 97. Gehien errepikatzen den adin tartea, 18-20 bitartekoena da: 138 parte hartzaile.

Beste alde batetik, drogen inguruko informazio eta testing programako datuei erreparatuz, gunean harrera egin zitzaienen pertsona kopurua 208koa da (168 gizon eta 39 emakume). Erabiltzaileek zeramaten substantziak aztertzeko aukera izan zuten. Aztertutako droga gehienak marihuana (37%) eta estasia (18%) izan ziren. Besteak kokaina (%16) , anfetamina (%13) eta haxixa (%11) izan ziren.

Istilu nabarmenik ez

Udaltzaingoaren jarduerari dagokionez ere, jaiak normaltasun osoz igaro dira, ia istilurik gabe. Eskuhartze gehienak herritarrei zuzendutako laguntzekin (galdutako gauzak eta osasun arazoak), trafikoarekin (bide publikoaren erreserba eta zirkulazio istripu txikiak) eta segurtasunarekin (identifikazioak eta kale iskanbilak) lotuta egon dira. Aurten ere, beraz, ez da ohiz kanpoko girorik egon eta orohar, errespetuan, harmonian eta tolerantzian oinarritutako jaiak izan direla azpimarratu behar da. 

sbkirola

Ikusle ugari eta maila altuko kirol ikuskizunak

Kirol jarduerei dagokionez abuztuaren 22an C.D. Elgoibarrek antolaturiko futbol partidua ikustera azken urteotan baino jende gehiago hurbildu zen Mintxetara, aurkaria Debakoa zelako, Amaikak Bat taldea hain zuzen ere. Egun berean Kirol Argazki Lehiaketaren sari banaketa ospatu zen Kultur Etxean. Aurtengo lehiaketara 78 argazki aurkeztu dira, partaidetza orain arte izan den handienetarikoa izanik.

Abuztuaren 23an, afizionatu mailako Memorial Etxaniz txirrindulari lasterketa ospatu zen. 178 txirrindularik parte hartu zuten, inoiz baino handiagoa. Abuztuaren 24ko pilota jaialdiak Ikastolako frontoia bete zuen. Estelarrean Olaizola II-Beroiz Vs Irribarria-Merino II partidua ikusi ahal izan genuen. 25eko pilota jaialdira ere jende ugari hurbildu zen.

Abuztuaren 27an, Mintxetako futbol zelaian Realaren eta Athetic-en arteko Euskal Herriko Emakumezkoen Futbol Kopa finala jokatu zen. 400 ikusle hurbildu ziren Mintxetara. Abuztuaren 29an, Alcorta eta Anaitasuna taldeen arteko eskubaloi partidua jokatu zen Olaizaga Kiroldegian. Armailak bete ziren (500 ikusle inguru) .

Oin Alai1718

Ikasturte berriaren hasierarekin batera, Oin Alai egitasmoak, ikastetxerako lehengo eguneko bidea alaitzeko asmoz, Mauxitxa Txaranga eta Trikitilariak ekarriko ditu bihar umeen eskolako bidea girotzeko. 

Kalegoen plazan emango zaio hasiera ekimerari, goizeko 8:30etan, eta azken urteetako ohiturari jarraituz, modu alaian, ikasleek Oin Alaiko bidea hartuko dute King-Kongera arte, non trikitilariek ikastetxe batetara eta Txarangak bestera joko duten. 

Elgoibarko Udalak 2010/2011 ikasturtean jarri zuen abian Oin Alai egitasmoa. Ikasleak ikastolara edota eskolara oinez joatea bultzatzen duen proiektua da.

ZUMBA MINTXETAKO IGERILEKUAN 2017
 
Igandean, irailaren 10ean, emango zaio amaiera Mintxetako igerilekuen denboraldiari eta agurra emateko Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak Zumba saioa antolatu du ostiralean, irailak 8, arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara, igerilekuko belar-gunean. Saioa doan eskainiko da Zumbako monitorea den Elena Silvaren gidaritzapean.

Bestalde, Udal Kirol Patronatuak jakinarazi duenaren arabera, Mintxetako igerilekutik uda honetan 33.000 erabiltzaile pasa dira, aurreko urtean baino 7.000 gutxiago, egin duen eguraldi eskasaren adierazgarri. Abuztuan ere, ekainan eta uztailan bezala, eguraldi txarra nagusitu da eta erabiltzaile kopurua txikia izan da. Hilabete osoan 11 egunetan 500 erabiltzaile baino gehiago hurbildu dira igerilekura.
 

 Ikastaroen eskuorriaren azala

  • Elgoibarko Udalak, Udal Euskaltegiaren eta AEKrekin elkarlanean, gurasoentzako euskara ikastaroak jarri ditu martxan, non hizkuntza
    ikasteko aukera ezberdinak eskainiko diren: euskara ikasten hasteko, hobeto edo errazago berba egiteko, edota hobeto idazten eta irakurtzen ikasteko.
  • Izena emateko epea irailaren 22ra arte izango da.
  • Eskuorria (PDF)

HUNTZA Kartela

  • Jaia, hurrengo ostiralean izango da, irailak 8, 20:00etan, Maalako parkean, besteak beste, Huntza taldearen eskutik.
  • Elgoibartarrek, Inazio Bereziartua Musika Eskolako txarangaren kalejiran eta Biraka Dantza taldeak eskainiko duen ikuskizunean parte hartzeko aukera izango dute.

Ludotekako eta Gaztelekuko 10. urteurrena dela eta, Elgoibarko Udalak, Inazio Bereziartua Musika Eskola, Elgoibarko Izarra eta Biraka Dantzarekin elkarlanean, Huntza taldearen kontzertua antolatu du hurrengo ostiralerako, irailak 8, Maalako parkean. Ikuskizuna 20:00etan hasiko da eta ordu eta erdiko iraupena izango du.

Halaber, kontzertua baino lehen, arratsaldea girotzen joateko helburuarekin, Inazio Bereziartua Musika Eskolako txarangaren kalejira egongo da. 19:30ean, Kalegoen plazatik hasita, Maalarantz abiatuko dira parte hartzaileak, kalejiran. Maalako parkera iristean beste abesti gutxi batzuk jo eta Biraka Dantza taldearen ikuskizuna hasiko da. Azken aldian inguruko herri guztietan behin eta berriz entzuten diren hainbat abesti dantzatzeko aukera izango dute adin guztietako parte hartzaileek. Aipatutako bi jardun hauen ondoren, Huntza taldearen kontzertuari emango zaio hasiera.

Huntza

Huntza 2014an Bilboko kaleetan sortutako musika taldea da. Unibertsitate giroan elkartutako 6 gaztek osatzen dute eta beraien helburua, sortzen duten musika Euskal Herri osora zabaltzea da. Ostegun iluntzeetako trikipoteo eta Eguenero elektrotxarangan ezagutu eta noizean behin elkartzen hasi ziren ondo pasatzeko asmotan. Taldeari forma ematen joan ziren heinean, kantuak konposatzen hasi ziren, bakoitzak bere esperientziatik jasotakoa elkar banatuz. Bilbon sortutako taldea den arren, taldekide guztiak gipuzkoarrak dira: Josune Arakistain Salas (trikitilari eta ahotsa), Uxue Amonarriz Zubiondo (pandero jole eta ahotsa), Aitor Huizi Izagirre (biolin jolea), Aitzol eta Inhar Eskisabel Ruiz anaiak (gitarra eta baxua, hurrenez hurren), Peru Altube Kazalis (bateria).

Inazio Bereziartua Musika Eskolako Txaranga

Inazio Bereziartua Musika Eskolako Txaranga duela hiru urte sortu zen musika eskolako ikasleekin. Talde honen helburua, herriko musikari gazteei txaranga baten jotzeko aukera eskaintzea, ikasleei ohiko txarangetan jotzen diren kantu ezberdinak ezagutzeko aukera eskaintzea eta etorkizun batean, herriko Mauxitxa Txarangan edo beste hainbat txarangatan jo ahal izateko ezagutza eskaintzea da. Aitor Novaren gidaritzapean dagoen musika talde hau, 11-19 urte bitarteko 15 lagunek osatzen dute gaur egun.

Biraka Dantza Elkartea

Biraka Dantza Elkartea 2003tik dihardu Elgoibarren dantza ikasketak eskaintzen, arlo klasikoan zein garaikidean. Elkartea ikasleek gero eta dantza maila handiagoa lortzeko eta honek dakarren onurak lantzeko helburuarekin jaio zen. Halaber, prestakuntza eskaintzen duen herri ezberdinetako ekintzetan (kaleko zein antzerkiko produkzioetan) parte hartzea bilatzen da. 4 urtetik hasita, adin ezberdinetako 200 ikasle inguruk dihardute Eva Pequerul eta Josu Mujikaren eskuetan dagoen talde honetan.